IKERKETA ABIAN
Giza gorpuzkiak agertu dira Barrikan, mendi aldean
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Lehen ikerketen arabera, gorpuzkiak duela 15 bat urte hildako 35 edo 40 bat urteko gizon batenak dira. Hildako pertsona krimen baten biktima izan zenik baztertu dute oraingoz.
Atzo arratsaldean giza gorpuzkiak agertu ziren Barrikako (Bizkaia) mendialdean eta Ertzaintzak ikerketa abian jarri du norenak diren eta zer gertatu den argitzeko.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, polizia zientifikoaren eta auzitegiko medikuen lehen ikerketen arabera, gorpuzkiak duela 15 bat urte hildako 35 edo 40 bat urteko gizon batenak dira.
Hildako pertsona krimen baten biktima izan zenik baztertu dute oraingoz aurreneko ikerketek. Hala ere, Ertzaintzak erantsi duenez, ikerketak aurrera jarraituko du heriotzaren arrazoiak zehaztu arte.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 15:30 aldera, mendizale talde batek larrialdi zerbitzuetara deitu zuten gorpuzki batzuk aurkitu zituztela jakinaraziz. Hainbat patruila bertaratu ziren, eta gizaki batenak zirela egiaztatu ondoren, epaitegiari abisu eman zioten.
Ikerketa ireki ondoren, inguruak arakatzen ari dira gaur goizean, auzitegi mediku batekin batera, Segurtasunak azaldu duenez.