Koronabirusa
Beste 104 pertsona ospitaleratu dituzte covid-19arengatik azken orduetan EAEn
Mikel Dominguez | EITB Media
Zaintza intentsiboetako unitateetan ez da aldaketarik egon, eta covid-19a duten 109 gaixo daude. 1.140 positibo berri eta % 8,4ko tasa erregistratu dituzte autonomia erkidegoan.
1.140 covid-19 kasu berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan azken orduetan, aurreko egunean baino positibo bat gutxiago, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak emandako datuen arabera. Larunbat honetako kopurua orain dela aste bat atzemandako datuen ia bikoitza da.
Ostiralean 13.642 proba diagnostiko egin dira. Beraz, positibo tasak apur bat egin du behera, eta % 8,4 da.
Lurraldeen arabera, Bizkaiak jarraitzen du izaten eguneko positibo berri gehien erregistratzen dituena. 630 covid-19 kasu atzeman dira lurralde historiko horretan. Gipuzkoan 292 erregistratu dira, eta Araban, 208.
Ospitaleak jasaten ari diren presioak gorako bidean jarraitzen du. Azken orduetan 104 pertsona ospitaleratu dituzte covid-19arengatik. Zaintza intentsiboetako unitateetan ez da aldaketarik egon ostiraleko datuekin konparatuta. 109 daude ZIUn covid-19arekin.
Udalerrien eta R0 indizearen inguruko informazioa astelehenean eguneratuko du Osasun sailak.
Nafarroan ere, igoera nabarmena azken astean
Covid-19an kutsatu kopuruak altua izaten jarraitzen du Nafarroan. Gobernuak eman dituen behin-behineko datuen arabera, zertxobait jaitsi dira kasuak azken 24 orduetan, bezperan izandako 313 kasuak kontuan hartzen badira (azaroaren 6tik ez zen horrelako zenbaki alturik ikusten), baina 250 kasu berritik gora jarraitzen du egoerak.
Izan ere, 3.313 PCR eta antigeno test egin ziren atzo Nafarroan, eta horietatik 263k positibo eman zuten, egindako proba guztien %7,9k, hain zuzen ere.