Itxi

KORONABIRUSA

Gutxienez 4.293 pertsona hil dira covidarekin Euskal Herrian, pandemia hasi zenetik

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Leer en Castellano

3.269 heriotza egiaztatu dira EAEn, 1.006 Nafarroan eta 18 Ipar Euskal Herrian. Hirugarren olatuak noiz arte iraungo duen eta ze eragin izango duen ikusteko dago oraindik.

Gaixo bat Nafarroako Ospitaleko ZIUan. Argazkia: EFE

Hamaika hilabete igaro dira Euskal Herrian covid-19aren lehen kasuak agertu zirenetik, eta denbora tarte horretan, milaka izan dira kutsatuak eta hildakoak. Udaberriko lehen olatuaren ondoren, barealdia etorri zen udan, baina udazkenarekin batera, kasuak goraka egin eta bigarren olatuak harrapatu gintuen. Gabonetara datu kezkagarriekin iritsi ondoren, zenbaki dramatikoak utzi ditu pandemiak gurean, ostiralean 104 ospitaleratu gehiago egun bakarrean, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Txertaketaren hasierak argi printza ekarri bazuen ere, espero baino erritmo motelagoan hasi izanak ez du oraindik birusaren transmisioan eta zaurgarrienen hilkortasunean eraginik izan. Izan ere, populazioaren %70ak hartu beharko luke txertoa talde-inmunitatea lortzeko, 2 milioi pertsonak Euskal Herrian, Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko medikuaren esanetan.

Kopuru horietara iritsi bitartean, baina, pandemiak aurrera egiten jarraituko du eta izurriak eragindako biktimek ere goraka jarraituko dute. 2021eko urtarrilaren 24 honetan ofizialak diren datuen arabera, 181.297 pertsona kutsatu dira covid-19arekin Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; eta horietatik 4.275 hil egin dira. Ipar Euskal Herriko datuak lortzea oso zaila da, Frantziako Estatuaren antolaketa administratiboa dela eta, Akitania Handiako edota Pirineo Atlantikoko datuetan sartzen baitira Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoakoak. Hala, ziurra den datu bakarra gutxienez 18 lagun hil direla da, baina inguruko datuak ikusita, logikoa da biktima errealak askoz ere gehiago izan direla pentsatzea.

Euskal Autonomian Erkidegoari dagokionez, 134.622 pertsona kutsatu dira otsailaren 28an lehen kasua atzeman zenetik. Denbora honetan 3.269 pertsona baino gehiago hil dira (urtarrilaren 17koa datu hori. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astean behin bakarrik berritzen baitu hildakoen informazioa). Gaitzaren hilkortasun tasa %2,42 ingurukoa da, beraz, gutxi gorabehera.

Grafiko honetan ikus daiteke kutsatu kopuruaren bilakaera EAEn:

Nafarroan, berriz, 46.675 pertsonari diagnostikatu diote covid-19a pandemia hasieratik eta 1.006 pertsona hil dira otsailaren 29an lehen kasua atzeman zenetik. Gaitzaren hilkortasun tasa %2,15 ingurukoa da, beraz, gutxi gorabehera.

Arestian esan bezala, ez dago Ipar Euskal Herriko datu fidagarririk, baina gutxienez 18 lagun hil direla egiaztatuta dago. Lehen kasua iazko martxoaren 4an atzeman zen Baionan.

Kutsatuen adin tarteari dagokionez, berriz, 40tik 59 urtera artekoak dira orain arte gehien kutsatu direnak EAEn, adibidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, eta ondoren, 20tik 39ra bitartekoak. Hemen adinari dagokion grafikoa, modu adierazgarrian erakutsita:

Albisteak (4)