KORONABIRUSA
Dezenteko jaitsiera izan da azken orduotan Nafarroan, 166 kasura arte
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
313 eta 262 kasu berri atzeman zituzten aurreko bi egunetan. 2.555 proba egin eta % 6,5ekoa izan da positibitate tasa. Bost lagunen heriotzaren berri eman zen atzo.
Covid-19an kutsatu kopuruak altua izaten jarraitzen du Nafarroan baina igande honetako datuek beherakada handia erakusten dute aurreko bi egunekin alderatuta.
Gobernuak eman dituen datuen arabera, 2.555 proba egin zituzten larunbatean (2.178 PCR eta 357 antigeno test) eta horietako 166k positibo eman zuten, proba guztien % 6,5ek, hain zuzen ere. Ostegunean 313 kasu atzeman zituzten eta ostiralean 262. Gaurko beherakadaren ondoren, datozen egunetan joera hori indartzen den ikusi beharko da.
Kasu gehienak Iruñean eta bere eskualdean atzeman ziren ( % 52), eta erregistratutako kasu berrien adin-tarteei dagokionez, 45 eta 59 urte artekoak ( % 32) eta 30 eta 44 urte bitartekoak ( % 18) izan ziren talde nagusiak. Horien atzetik, 15-29 urteko taldea ( % 15) eta 15 urtetik beherakoak zein 60 eta 75 urte artekoak daude ( % 13na).
Gainera, atzo 87 eta 97 urte arteko lau emakume hil ziren, eta aurreko egunetan 88 urteko gizon bat hil zela jakinarazi zuten.
Ospitaleko egoerari dagokionez, larunbat honetan beste zazpi pertsona ospitaleratu zituzten Foru Erkidegoan, horietako bi ZIUn. Gaur egun, 199 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 26 ZIUn.
Gogoan izan behar da atzo murrizketa berriak sartu zirela indarrean Nafarroan eta oraindik ere egun batzuk beharko direla eraginkorrak diren edo ez ikusteko. Batetik, ostalaritzarren barrualdea itxi da otsailaren 7ra arte, eta bestetik, eremu pribatuko bilerak bizikidetza-unitate bakar batera mugatu dira. Komunitatearen itxiera perimetralak bere horretan jarraitzen du eta etxeratze-agindua 23:00etatik 06:00etara mantentzen da.
Jada 46.675 pertsona kutsatu dira koronabirusarekin Nafarroan, pandemia hasi zenetik, eta 1.006 pertsona hil dira.
17.339 txerto jarri dituzte jada
Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak jakitera eman duenez, covidaren aurkako txertoaren 5.385 dosi jarri dituzte aste honetan. Hala, kanpaina hasi zenetik 17.339 dosi jarri dituzte jada.
Astelehenean jarraituko du prozesuak, bai arlo soziosanitarioan (langileak eta egoiliarrak), bai osasun-arloan (ospitaleak barne) baita mendekotasun handikoen artean ere. Txertaketa-talde bereziak eta unitate mugikor gehiagarriak Nafarroan zehar jarraituko dute, beraz, datozen egunetan. EGALURG proiektu europarraren kamioia Peraltara joango da astelehenean, eta Lodosan, Los Arcosen eta Carcastillon ere txertaketa-puntu finkoak jarriko dituzte ekipo mugikor espezifikoen lana osatzeko.
Jaitsiera izan da Euskal Autonomia Erkidegoan ere
Nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan pandemiaren zenbakiek oso kezkagarriak izaten jarraitzen duten, azken orduetan jaitsiera bat izan da, eta aste hasieratik lehen aldiz, 1.000 covid kasu baino gutxiago diagnostikatu dituzte egun bakarrean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo 10.652 proba egin zituzten PCR eta antigenoen testen artean, eta horietatik 880k positibo eman zuten. Hala, positibitate tasa % 8,3koa izan zen.