KORONABIRUSA
Positiboek nabarmen egin dute gora Nafarroan, 239raino
E.G. | EITB MEDIA
Lau udalerri edo gunetan 10 kasu baino gehiago zenbatu dituzte: Burlatan eta Barañainen (13), eta Iruñeko Donibane eta Arrosadia auzoetan, 11 eta 10, hurrenez hurren.
Urtarrilaren azken astea positiboen gorakadarekin abiatu du Nafarroak. Astelehenetan gora egin ohi dute kasuek, eta atzokoak ez dira salbuespena. 239 kutsatze zenbatu dituzte azken orduetan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Zehazki, astelehen honetan 2.973 proba diagnostiko egin dituzte (bezperan baino 1.236 gehiago), eta horietatik % 8 positibo izan dira. Hala, positibotasun tasa 1,2 puntu jaitsi da.
Bezperako datuekin alderatuta, 80 kasu gehiago zenbatu dituzte. Duela astebeteko datuekin erkatuta, berriz, ez da aldaketarik izan, 239 kasu atzeman baitzituzten orduan ere, baina duela bi asteko datuekiko igoera izan da (+77).
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri eta guneei dagokienez, lautan gainditu dute 10eko langa. Burlata eta Barañain dira denen buru, 13na kutsatzerekin. Iruñeko auzoak ageri dira ondoren: Donibane (11), Arrosadia (10) eta Arrotxapea (bederatzi).