Itxi

Txertoa

LABek salaketa jarri du Basurtuko eta Santa Marinako zuzendari ohien aurka epaitegian

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Sindikatuak ez du konfiantzarik Osakidetzak eta Osasun Sailak txertaketa "irregularra"ren inguruan egingo dituzten barne ikerketetan.

Basurtuko eta Santa Marinako zuzendariak, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB

LAB sindikatuak Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako zuzendari ohien aurkako salaketa aurkeztu du Bilboko guardiako epaitegian, covid-19aren aurkako txertaketa "irregularra"rengatik.

Maiz aurreko astean kargugabetu zuten, protokoloa jarraitu gabe txertoa hartu zuela jakin ondoren. Sabasen kasuan, berriz, berak eman zuen dimisioa, baina, horren esanetan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari jakinarazi zion ospitaleko langile guztiek jasoko zutela txertoaren lehenengo dosia.

Polemikak bizi-bizi jarraitzen du txertaketa horien inguruan, eta LABek gaur bertan iragarri du auzitegietara jo duela.

Sindikatuak azaldu duenez, "uste dugu gertakari hau, hasiera batean bi karguduni bakarrik eragiten diena baina zabalagoa izan daitekeena, ez dela ardura pertsonalera eta politikora soilik mugatzen, baizik eta ardura penala ere egon daitekeela".

Hala, salatutako gertakarien atzean delitu hauek izan daitezkeela uste du: ondasun publikoen administrazio desleiala, bidegabeko jabetzea, langileen eskubideen aurkako ekintzak, prebarikazioa, influentzia-trafikoa, bidegabeko eralgitzea eta funtzionario-eroskeria pasibo desegokia.

Sindikatuak ez omen du konfiantzarik Osakidetzak eta Osasun Sailak txertaketa "irregularra"ren inguruan agindu dituzten barne ikerketetan; ondorioz, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren kasuan egin duen moduan, sindikatuak Justiziara jo du "gertatutakoa argitzeko eta ardurak zehazteko era bakarra" delakoan.

Albisteak (4)