Itxi

TXERTAKETA

Txertaketa irregularra salatu dute Orozkoko desgaituentzako zentro batean

A. S. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

ESK-aren arabera, Orozkon dagoen Jesus Maria desgaituentzako zentroa kudeatzen duen enpresako arduradun batek jaso zuen txertoa. Ez du bertan lan egiten eta, beraz, ez du egoiliarrekin harremanik.

Gaixo bat txertatzen. Argazkia: EFEren artxiboko irudia

ESK sindikatuak salatu du Orozkoko Jesus Maria desgaituentzako zentroan irregulartasunak egon direla txertaketa prozesuan. Izan ere, ezarritako protokoloari muzin eginez, "Grupo Norte-Fundación Aliados por la Integración" erakundeko, hots, Orozkoko Jesus Maria desgaituentzako zentroa kudeatzen duen enpresako arduradun batek txertoa jaso zuen egoitzan zuzeneko arreta ematen duten pertsonekin batera.

Sindikatuak azpimarratu duenez, zentroa "erantzukizun publikoko zerbitzua" da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena da; hori dela eta, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuari "erantzukizunak" eskatu dizkio.

Sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, urtarrilaren 18an, zentroan bertan lanik egiten ez duen "Grupo Norte-Fundación Aliados por la Integración" erakundeko giza baliabideen arloko arduradunetako bat instalazioetara hurbildu zen, "covid-19aren aurkako txertoa jasotzera; eta azkenean hori egin zuen".

Sindikatuaren arabera, pertsona horrek "ez du bertan lan egiten, eta, beraz, ez du zuzeneko inolako harremanik erabiltzaileekin". Gainera, "bertan lan egiten duten langile guztiek ez dute oraindik txertorik jaso".

ESK-k azpimarratu duenez, Jesus Maria desgaituentzako arretarako zentroa "erantzukizun publikoko zerbitzua da, eta, Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Legearen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena da".

"Zerbitzu hau "Madres Mercedarias de Ibarra" kongregazio erlijiosoarekin egindako lankidetza-hitzarmen baten bidez ematen da, eta kongregazio horrek zentroaren kudeaketa guztia "Grupo Norte-Fundación Aliados por la Integración" enpresa taldeari azpikontratatu dio", azaldu du.

Hori dela eta, "txertaketa-protokoloen urratzea" zentro horren kudeaketa tamalgarriaren beste adibide bat besterik ez dela uste du sindikatuak.

Albisteak (5)