koronabirusa
Nafarroak beste 15 egun luzatu ditu murrizketak, "geldotzea" ikusten duen arren
E.G. | EITB MEDIA
Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu duenez, kasuen "goranzko joera egonkortu da" baina hazkundea urrian baino "mailakatuago" izaten ari da.
Nafarroako Gobernuak beste 15 egunez luzatu ditu covid-19aren hedapena geldiarazten saiatzeko ezarritako neurri murriztaileak. Dena dela, nabarmendu du azken astean "nolabaiteko geldotzea" igarri dutela kasuen gorakadan.
Horrenbestez, ostalaritzako establezimenduen barrualdeak itxita egon beharko dira, gutxienez, otsailaren 11ra arte. Horrez gain, hilaren 15era arte indarrean daude beste neurri hauek ere: Nafarroako konfinamendu perimetrala, etxeratze agindua 23:00etik 06:00etara, eta eremu pribatuko bilkurak bizikidetza unitate bakarrera mugatzeko agindua.
Santos Indurain Osasun kontseilariak agerraldia egin du gobernu saioaren ostean. Nabarmendu duenez, "ziurgabetasunak murrizten eta itxaropen errealisten dosiak handitzen joatea nahiko nuke, baina itxaropen faltsuak sortu gabe", baina datuak eskuak, "oso kezkagarriak" direla erantsi du.
Indurainen arabera, "Gabonen osteko inflexio puntuaren ostean, kasuen gorakada egonkortu egin da". Hala, bosgarren astez jarraian, kutsatzeen kopurua 1.645era igo da azken astean, aurreko astean baino % 16 gehiago.
Datuok intzidentzia metatuaren tasa 486 kasutan utzi dute (100.000 biztanlekoa, 14 egunetan), eta eremu gorria sartzekotan da Nafarroa.
Nolanahi ere, zehaztu du "nolabaiteko geldotzea" sumatu dutela, "gorakada hori ez da urrian bezala izan, ez da esponentziala izan, mailakatua baizik".
Erietxeen egoera, okerrera
Positibo berrien gorakadak "osasun sisteman eragin argia" duela azaldu du Santos Indurainek. Hala, azken astean 104 pertsona ospitaleratu dituzte, aurreko astean baino 30 gehiago, eta erietxeen okupazio garbia 200 gaixokoa da; horietatik 30 ZIUetan daude.
Kontseilariak argitu duenez, Osasunbideak ospitale sarearen zati bat berrantolatu du: "Nafarroako Ospitale Gunean eta beste erietxe batzuetan eremu gehiago prestatu ditugu, eta sare pribatuarekin ditugun lankidetza sistemak eskura ditugu udaraz geroztik".
Oraingo, Indurainen hitzetan, "ez ditugu ebakuntza garrantzitsuak bertan behera utzi, Lizarrako Garcia Orcoyen erietxean egin beharreko ebakuntza batzuk salbu". Hori horrela, kontseilariak esan du egoera "eramangarria" dela. Hori bai, honakoa ere erantsi du: "Kontuan hartuta covida ez den beste patologia batzuengatik erietxeetako okupazioa altua den hilabetean gaudela, panorama ez da ona eta zuhurrak izan behar gara, kontingentzia planaren hurrengo urratsa prest edukita".