Itxi

Gertakaria

Barrikan agertutako giza gorpuzkiek bi tiro dituzte

N.B. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Polizia zientifikoa ikertzen ari da oraindik, hildakoa nor den argitzeko. Antza denez, 35 eta 40 urte arteko gizonezko bat da.

Ertzaintzaren agenteak Fruizko miaketa-operatibo baten artxibo-irudi batean.

Joan den ostiralean Barrikako (Bizkaia) mendi inguru batean aurkitutako giza gorpuzkiek bi tiro dituzte, ETBk jakin ahal izan duenez.

Azken orduko albiste hau ETBko, Radio Euskadiko, Euskadi Irratiko eta Radio Vitoriako albistegietan ere jarraitu ahal izango da.

Polizia zientifikoak ikertzen jarraitzen du, hildakoa nor den argitzeko; auzitegiko medikuen arabera, 35 edo 40 urteko gizon batena izan daiteke gorpua, eta duela 15 urte hil zitekeen.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 15:30 aldera, mendizale talde batek larrialdi zerbitzuetara deitu zuten gorpuzki batzuk aurkitu zituztela jakinaraziz. Hainbat patruila bertaratu ziren, eta gizaki batenak zirela egiaztatu ondoren, epaitegiari abisu eman zioten.

Ikerketa ireki ondoren, inguruak arakatu zituzten, auzitegi mediku batekin batera eta forentseen azken datuen arabera, gorpuzkiek bi tiro dituzte.

Ertzaintzak gaineratu duenez, ikerketak aurrera jarraituko du heriotzaren zergatia argitu arte.

Ez dira Euskadin aurkitu dituzten gorpuzki bakarrak

Halaber, Arrigunagako hondartzako harkaitzen eta harearen artean kriminalitate-zantzuekin aurkitutako giza gorputz baten hainbat zati ikertzen ari da Ertzaintza.

Urtarrilaren 10ean, igandea, hanka baten hondakinak aurkitu zituzten Getxoko Arrigunaga hondartzan. Aurkikuntza 09:30ean izan zen, inguruan zebilen partikular batek Ertzaintzari abisua eman zionean. Dirudienez, itsasoak itsasertzeraino eraman zuen. Belaun eta orkatilaren arteko zati bat zen.

Hasiera batean, garbiketako langileek, konturatu gabe, edukiontzira bota zituzten hondakinak. Antza denez, hilotza gizonezko batena da, eta heriotza bortitza da, kriminalitate zantzuak baitaude. Ertzaintzak ikerketa zabalik du gertatutakoa argitzeko.

Bestalde, Ertzaintza urtarrilaren 16an Leioako zelai batean agertutako gorpuzkien nondik norakoak ikertzen ari da. Lursail batean sastraka kentzen ari zen Sarriena auzoko bizilagun batek aurkitu zuen gorpua, arropa zatiekin batera. Gorpua eskeletizatuta agertu zen; horrek esan nahi du arrastoak ez direla berriak.

Argirik ez zegoenez, polizia-operatiboa bertan behera utzi behar izan zuten, eta hurrengo egunean berrekin zioten, lagin gehiago aurkitu eta aztertu ahal izateko.

Kriminalitate-zantzuak egon litezke, baina ez da baztertzen istripua izateko aukera. Gorpuak 20 urte inguru zeramatzan bertan, patriketan pezeta eta euro bihurgailu bat aurkitu baitzituzten.

Gorpuzkiak Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundera eraman zituzten, autopsia egiteko. Bien bitartean, Ertzaintza DNA arrastoak ikertzen ari da, orduan desagertutako pertsonen datuekin alderatzeko.

Albisteak (1)