KORONABIRUSA
Euskadik 1.273 positibo gehiago ditu eta 137 paziente daude muturreko arriskuan
N.B. | EITB MEDIA
Positibotasun tasa puntu bat baino gehiago igo da, % 8,2raino eta intzidentzia metatua 610 kasuetara igo da. Euskadik bigarren olatu osoko maximoak gainditu ditu, 707 paziente ospitaleratuta baititu.
Covid-19aren pandemiak 1.273 positibo berri utzi ditu Euskadin azken orduetan, aurreko egunean baino 169 gehiago. Kopuru hori ez zen EAEn ematen azaroaren 12tik. Covidaren positibotasun tasa % 8,2ra igo da, proba diagnostiko gutxiagorekin. Gainera, Gipuzkoak Bizkaiko eta Arabako bideari jarraitzen dio, eta gune gorrian sartzen da, transmisio handia duelako.
Koronabirusaren goranzko joerak ospitale-egoeran du isla; izan ere, asistentzia-presioak gora egiten jarraitzen du eta bigarren olatu osoko maximoak gainditzen ditu, 707 paziente ospitaleratuta baitaude, aurreko egunean baino 13 gehiago.
Osasun Sailak jakitera eman duenez, 15.498 proba egin zituzten asteazken honetan (aurreko egunean baino 339 gutxiago), eta horietatik 1.273k eman zuten positibo, % 8,2ko kutsatze-tasarekin, eta asteartean, % 7koa izan zen.
Positibo berri gehienak Bizkaian erregistratu dituzte, 730 kutsatze berri, hau da, asteartean baino 121 gehiago; Gipuzkoan, berriz, 342 positibo berri atzeman dituzte (aurreko egunean baino 45 gehiago) eta Araban 186 kasu berri, asteartean baino zazpi gehiago. Gainera, 15 kasu erregistratu dituzte Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean.
Euskadiko intzidentzia metatuak hamalau egunetan 100.000 biztanleko 588 kasutatik 610,8ra igaro da. Hiru lurraldeetako datuek okerrera egin dute, eta Gipuzkoa gune gorrian sartu da, 499 kasutik 517,8ra igo baita. Bizkaian 635,1etik 661,4ra igo da, eta Araban 571,4 kasutik 591,7ra.
Ospitaleko asistentziaren datuek okerrera egiten jarraitzen dute, 570 paziente daude ospitaleratuta, asteartean baino hamar gehiago, eta 94 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan. Zainketa intentsiboetako unitateetan 137 gaixo daude, egun bat lehenago baino hiru gehiago.
Oinarrizko ugalketa-kopurua da datu positibo bakarra; izan ere, berriro jaitsi da eta 1,10 puntutan kokatu da, aurreko eguneko 1,11ren aldean.
5.000 biztanletik gorako udalerrien egoerari dagokionez, 41 herri daude gune gorrian, eta 35 atzo. Hortaz, gune gorrira batu dira: Barakaldo, Erandio, Ermua, Leioa eta Portugalete Bizkaian, eta Oridizia Gipuzkoan.
Ikastetxeetako egoerak okerrera egin du apur bat; izan ere, asteazken honetan 159 ikasgela itxi dituzte covid kasuengatik, bezperan baino sei gehiago, hau da, bi urtetik unibertsitatez kanpoko 17.554 ikasgelen % 0,91.
Koronabirus kasuren bat duten ikastetxeen kopurua 115ekoa da, hau da, asteartean baino zortzi gehiago, eta Aizarnako (Zestoa, Gipuzkoa) "eskola txikia" ikastetxeko bi geletan aurrez aurreko jarduera etenda dago oraindik.
Erresidentziak
Gipuzkoako erresidentzietan covid-19a zuen pertsona bat hil da azken orduotan, lehenengo heriotza zenbait egunen ondoren. Bestalde, Aldundia eta DYA egiten ari diren PCRetan ez dute positibo gehiagorik atzeman lurralde osoan.
Foru erakundeak jakinarazi duenez, Aretxabaletako Debagoiena zentroko erabiltzaile bat sendatu egin da azken orduotan. Hala ere, 33 pertsona daude ingresatuta erreferentziazko bi zentroetan: Eibarko Ospitalean eta Ordiziako San Josen.
Gaur egun 58 kasu positibo daude Gipuzkoako erresidentzietan, eta bigarren olatua hasi zenetik, abuztuaren 11tik, 651 erabiltzaile sendatu eta 151 hil dira.
Bestalde, Arabako zaharren egoitzetan azken orduotan beste 9 positibo atzeman dituzte erabiltzaileen artean, Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Positiboetako lau Roure erresidentzian izan dira; hiru, Zabalbideko etxebizitza komunitarioan; eta beste biak, El Pilar erresidentzian.
Nafarroako egoera
Koronabirusak oldartuta jarraitzen du Nafarroan. Asteazken honetan, 217 kutsatu berri atzeman dituzte, Foru Erkidegoko Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Espainiako Gobernuak beste 34.899 kasu berri atzeman ditu gaur, eta azken orduetan 515 heriotza izan dira. Gainera, 100.000 biztanleko inzidentzia 889koa da, atzo baino 10 puntu gutxiago, beraz, kutsatzeen erritmoa mantsotzen ari da.