Koronabirusa
Pfizerren txertoak ez du albo ondorio berririk eragin, erabiltzen hasi eta hilabetera
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Sendagaien Europako Agentziak, bestalde, txertoa jaso ostean hil diren pertsonen kasuak aztertu ditu, eta ondorioztatu du heriotza horietako bat bera ere ez dagoela txertaketarekin zuzenean lotuta.
Sendagaien Europako Agentziak ostiral honetan iragarri du Pfizer/BioTechen txertaketaren lehen hilabetean ez duela albo ondorio berririk atzeman, eta ziurtatu du sendagai horrek ez duela txertoa jaso ostean gertatutako heriotza bakar batekin ere zuzeneko loturarik izan.
Pfizer txertoaren segurtasunari buruzko lehen txostenean, beraz, aipatu agentziak azpimarratu du ikertzaileek ez dutela albo efektu berririk detektatu, Europako herrialdeetan izandako txertaketa kanpainetan botika horrekin lotuta jaso dituzten datuetan oinarrituta.
Bestalde, txertoa jaso ostean hil diren pertsonen kasuak aztertu ditu Sendagaien Europako Agentziak, eta ondorioztatu du heriotza horietako bat bera ere ez dagoela txertaketarekin zuzenean lotuta.
Baimendutako lehen txertoa
Pfizer txertoaren segurtasunari buruzko eguneratzeak Europar Batasunak berorren erabilera baimendu zuenetik bildu eta aztertutako datuak jasotzen ditu. Hain zuzen ere, abenduaren 21ean jaso zuen EBren oniritzia; covid-19aren aurka merkaturatutako lehen txertoa izan zen, horrenbestez.
Urtarrilaren 6an, berriz, Modernak garatutako txertoari eman zioten argi berdea, eta, aurreikusitakoaren arabera, Europako zientzialariek ostiral honetan bertan bukatuko dute AstraZenecaren txertoari buruzko ikerketa. Ondo bidean, hirugarren txerto hori ere aurki iritsiko da Europara.