Koronabirusa
Dagoeneko Erresuma Batuko aldaeraren kasuak 60 dira Euskadin
E. L. | EiTB Media
Positibo guztien % 1,2 dira jadanik, eta aldaeraren intzidentziak gora egitea litekeena dela uste du Eusko Jaurlaritzak.
Erresuma Batuko covid-19 aldaerarekin 60 positibo atzeman dituzte dagoeneko Euskadin. Positibo guztien % 1,2 dira jadanik, eta aldaeraren intzidentziak gora egitea litekeena dela uste du Eusko Jaurlaritzak.
Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak eta Koldo Cambra Osasun Publikoko zuzendariordeak Euskadiko egoera epidemiologikoa aztertu dute prentsaurrekoan.
Erresuma Batuko edo Hegoafrikako aldaera berriei dagokionez, “aldaera berriak, Erresuma Batukoa barne, jadanik iritsi eta zirkulatzen ari dira”, ziurtatu du Koldo Cambrak. Transmisioan duen pisua areagotzen joango dela uste dute Europan zein Euskadin.
Aldaerak osasun zentroen gaineko presioan pisu “txikia” du oraingoz
Buruzagiaren hitzetan, aldaerak osasun zentroen gaineko presioan pisu “txikia” du oraingoz, baina etorkizunean intzidentziak gora egiten baldin badu, “eragina izan dezake”.
Abenduaren 20an Erresuma Batuko aldaeraren inguruko ikerketa abiatu zenetik, Euskadin 5.000 azterketa baino gehiago egin dituztela azaldu du zuzendariordeak, laginen % 20, hain zuzen ere. Erresuma Batuko aldaerarekin 60 positibo baieztatu dituzte oraingoz.
“Kasuen % 1,2 dira, hasiera batean baino apur bat gehiago, hori baino ez; une honetako positiboen gorakada ez da Erresuma Batuko aldaeraren ondorioz gertatzen ari. Hori bai, etorkizunean litekeena da intzidentziak gora egitea, adituen arabera”, erantsi duenez.