Koronabirusa
AstraZenecaren txertoa merkaturatzeko baimena eman du Bruselak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
AstraZenecaren txertoa 18 urtetik gorako pertsonei ematea gomendatu du Sendagaien Europako Agentziak. Eraginkorra izan dadin, bi dosi hartu behar dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
AstraZeneca enpresa-farmazeutikoak eta Oxfordeko Unibertsitateak elkarlanean garatutako txertoa merkaturatzeko baimena eman du Europako Batzordeak ostiral honetan. Aurrez, Sendagaien Europako Agentziak 18 urtetik gorako pertsonei ematea gomendatu du, adin horretatik behera eraginkorra dela egiaztatu ezin izan dutelako.
AstraZencarena koronabirusaren pandemiari aurre egiteko Europar Batasunean baimendu duten hirugarren txertoa da. Orain arte, Pfizerrek eta Biontechek egindakoa eta Modernarena merkaturatu dituzte.
"Europako Batzordeak AstraZenecaren txertoa baimendu berri du", iragarri du Stella Kyriakides Osasun komisarioak Twitter bidez.
Jarraian, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ondokoa idatzi du sare sozial berean: "Hitzartu genituen 400 milioi dosiak helaraziko dizkigutela espero dugu. Gure esku dagoen guztia egingo dugu europar guztiei eta munduko gainerako herrialde bazkideei txertoak bermatzeko".
Europar Batasunak AstraZenecarekin abuztuan egindako akordioaren arabera, enpresa-farmazeutikoak 300 milioi dosi entregatu behar dizkio Europar Batasunari urteko lehen hiruhilekoan, eta honek beste 100 milioi eskatzeko aukera izango du.
Alabaina, joan den astean konpainiak jakinarazi zion ezingo zuela emandako hitza bete ekoizpen-arazoak izan dituelako.
Harrezkero polemika handia piztu da, eta Bruselak adostutakoa bete dezala exijitu dio, eta Alemaniako eta Belgikako zentroetan produkzio-arazoak baldin baditu, dosiak Erresuma Batuan dituen lantegietatik bidal diezazkiola proposatu du.
Europako Batzordeak uste du Europar Batasunean egindako dosiak beste herrialde batzuei saldu dizkiola. Horrela, bada, aurrerantzean AstraZenecaren esportazioak kontrolatzeko erabakia hartu du. Hitzartutakoa betetzen ez badu, esportazioak geldiarazi dizkiola jakinarazi du Bruselak.
Bi dosi hartu behar dira
Ordu batzuk lehenago, Sendagaien Europako Agentziak eman dio oniritzia txertoari, baina 18 urtetik gorako pertsonei soilik ematean gomendatu du, adin horretatik behera eraginkorra dela egiaztatu ezin izan dutelako.
AztraZenecaren txertoa "segurua eta eraginkorra" dela egiaztatzeko probak Erresuma Batuan, Brasilen eta Hegoafrikan egin zituzten eta 24.000 boluntariok hartu zuten parte.
Boluntario gehienak 18 eta 55 urtekoak ziren eta horregatik ez dakite txertoaren eraginkortasun maila zenbatekoa izan daitekeen gainerako adin-tarteetan. Alabaina, Europako Agentziak zehaztu du oraindik zenbait ikerketa kliniko amaitu gabe daudela eta adinekoentzat balio duen ala ez aurrerago argituko dutela.
AstraZenecaren txertoak % 60ko eraginkortasuna du eta bi dosi hartu behar dira: lehengotik bigarrenera gutxienez lau aste igaro behar dira eta gehienez 12.
Pfizerren eta Modernaren txertoak baino errazagoa da gordetzeko; izan ere, 2 eta 8 gradu arteko hozkailu arruntetan gorde daitezke eta sei hilabetez iraun dezakete baldintza horietan.