Itxi

Koronabirusa

Frantziak are gehiago gogortuko ditu sartzeko baldintzak

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira joateko, PCR negatiboa erakutsi beharko da nahitaez, langileen kasuan izan ezik.

Lapurdi eta Nafarroa arteko muga. Argazkia: EiTB

Frantziak gogortu egingo ditu Estatuan sartzeko baldintzak, covid-19ari aurre egiteko eta hirugarren konfinamendu zorrotza galarazteko asmoz.

Jean Castex lehen ministroak iragarri du koronabirusaren zabalkundea geldiarazteko neurri sorta berria, eta azaldu du elikagaienak ez diren 20.000 metro koadrotik gorako merkataritza zentroak itxi egingo dituztela.

Castexek Defentsa Kontseiluaren ostean egin du agerraldia, eta berretsi du, osasun egoera ikusita, mahai gainean jarraitzen duela konfinamenduak. "Oraindik hori saihesteko aukera bat eman behar diogu gure buruari", gaineratu du.

Larunbatetik iganderako gauerditik aurrera, debekatuta egongo da Europar Batasunetik kanpoko herrialde batetik Frantziako Estatuan sartzea, edo alderantziz, "pisuzko arrazoia" eduki ezean, lehen ministroaren arabera. Orain arte posible zen sartzea bizilekua Frantzian izanez gero.

EBko beste estatuetako bidaiarien kasuan, hau da, Hego Euskal Herriko herritarren kasuan, PCR negatibo bat erakutsi beharko da, Frantziako Estatuan lan egiten dutenek salbu.

Hori horrela, zorroztu egin dituzte neurriak, aurreko igandetik beharrezkoa baitzen PCR negatiboa erakustea, baina itsasoz edo hegazkinez iritsita soilik. Orain errepidez edo trenez iritsitakoek ere egin beharko dute.

Bestalde, Gobernuak eragile sozialekin hitz egingo du ahal den kasu guztietan telelana ezartzeko, eta Administrazioan horixe egingo duela aurreratu du.

Lehen ministroak gogorarazi du ospitaleetan 27.000 pertsona daudela gaixotasunarekin, eta 3.000 inguru egoera larrian.

"Aldaera britainiarrak eta hegoafrikarrak pandemiaren bizkortzeko arrisku larria dagoela pentsarazten" dutela azpimarratu du.

Castexek ohartarazi du "datozen egunak erabakigarriak" izango direla, eta segurtasun indarrek kontrolak indartuko dituztela harreman sozialak murriztea helburu duten neurriak betearazteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (3)