KORONABIRUSA
Bi atxilotu Donostian eta Igorren, desordena publikoak eta erasoak leporatuta
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Donostian, 200 gazte inguru elkartu ziren covidaren aurkako araudia urratuz, eta harriak eta botilak bota zizkioten Ertzaintzarin. Igorren, kalean edaten ari ziren gazte batzuekin izan ziren arazoak.
Bi gazte atxilotu dituzte bart Donostian (Gipuzkoa) eta Igorren (Bizkaia), covid-19aren aurkako araudia ez betetzea eta Ertzaintzari aurre egitea egotzita.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, gazte talde bat Gipuzkoako hiriburuko Konstituzio plazan elkartu zen 20:45 aldera, eta edukiontziak gurutzatu zituzten. Polizia-patruilak bertaratu zirenean, jada ez zeuden bertan, eta edukiontziak beren lekuan jarri zituzten.
Handik gutxira, 21:35 aldera, 200 gazte inguru bildu ziren Boulevardeko eta Aldamar kaleko elkargunean. Covid araudia urratzen ari ziela eta, Ertzaintza bertaratu zen, eta harriak eta botilak jaurti zizkieten. Gainera, gazte batzuek Aldamar kalean zeuden motorrak irauli zituzten.
Ertzaintzak 15 urteko gazte bat atxilotu zuen, desordena publikoak egotzita, eta, geroago, gazteak sakabanatu egin ziren, Ertzaintzak istiluen aurkako materiala erabili gabe.
Igorren, botiloiak prebenitzeko polizia-dispositibo batek zortzi gazte aurkitu zituen 20:30 aldera kalean edaten, eta identifikatzera joan zirenean, haietako batek ostiko bana eman zien bertaratu ziren bi ertzainei. Agenteek gaztea atxilotu zuten autoritatearen aurkako atentatua egotzita.
Era berean, Irunen (Gipuzkoa), 18:10 aldera, botiloia egiten ari ziren gazte talde bat aurkitu zuten ertzainek, eta zazpi pertsona identifikatu zituzten, 19 zigor izapidetzeaz gain.
Gainera, Mundakan (Bizkaia), Ertzaintzak 10 gazte identifikatu zituen lonja baten kanpoaldean, 23:40an, eta 10 zigor proposatu zizkien.