Koronabirusa
AstraZenecak 9 milioi dosi gehiago emango dizkio lehen hiruhilekoan EBri
E. L. | EiTB Media
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak bilera birtuala egin du AstraZenecako kontseilari delegatuarekin eta EBrekin akordioak dituzten beste sendagai konpainia batzuetako ordezkariekin.
Nahiz eta konpainiak iragan astean bestelako eskaintza egin, AstraZenecak Europar Batasunari (EB) covid-19aren aurkako 9 milioi dosi gehiago emango dizkio urteko lehen hiruhilekoan, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri duenez.
"Txertoetan aurrerapauso bat. AstraZenecak 9 milioi dosi gehiago emango ditu lehen hiruhilekoan (guztira, 40 milioi), iragan asteko eskaintzarekin alderatuta, eta aurreikusi baino astebete lehenago hasiko ditu bidalketak", adierazi du Europako Batzordeko presidenteak txio batean.
Step forward on vaccines.@AstraZeneca will deliver 9 million additional doses in the first quarter (40 million in total) compared to last week’s offer & will start deliveries one week earlier than scheduled.
— Ursula von der Leyen (@vonderleyen) January 31, 2021
The company will also expand its manufacturing capacity in Europe.
Von der Leyenek bilera birtuala egin du AstraZenecako kontseilari delegatuarekin eta EBrekin akordioak dituzten beste sendagai konpainia batzuetako ordezkariekin. "Konpainiak bere ekoizpen gaitasuna zabalduko du Europan", erantsi du Europako Batzordeko presidenteak.
Iragan astean Bruselaren eta sendagai enpresaren arteko liskarra izan zen, txertoa emateko garaian arazoak izan ondoren. Europar Batasunak txertoa banatzeko baimena eman zuen iragan ostiralean.
Europako Batzordearen baimena jaso ondoren, AstraZenecarena EBko herrialde guztietan aldi berean eta baldintza berdinetan banatuko den hirugarren txertoa izango da pandemia hasi zenetik, Pfizer/BioNTech eta Moderna konpainienekin batera.
Entsegu klinikoetan, % 60 inguruko eraginkortasuna erakutsi zuen txertoak. Bi dosi estandarretan eman beharko dute, eta bigarren injekzioa lehenengoa jarri eta 4-12 aste geroago jaso beharko da.
Bestalde, Europar Batasuneko lurraldeetan covid-19aren kontrako txertoen esportazioa kontrolatzeko mekanismoa larunbatean jarri zuen martxan EBk, gardentasuna areagotzeko eta hitzemandako dosien hornidura ziurtatzeko helburuarekin.
Neurria martxoaren 31ra arte egongo da indarrean, eta Europako Batzordearekin erosketa akordioak itxita dituzten laborategietako txertoei baino ez die eragingo.