Koronabirusa
Nafarroak 161 kasu atzeman ditu, eta positibotasun tasa % 5,4ra jaitsi du
N.B. | EITB Media
Guztira, 1.035 pertsona hil dira koronabirusaren horren ondorioz Foru Erkidegoan, eta birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 48.291 kasukoa da.
Nafarroan behera egin du atzemandako positiboen kopuruak, baina 150etik gora jarraitzen dute oraindik, Foru Erkidegoak emandako datuen arabera. Positibotasun tasa ere jaitsi egin da: % 6,4tik % 5,4ra.
Positibotasun hori Bera eta Mañeruko baheketetan egindako proben gorakadaren ondorio da, lau kasu positibo berri eman baitituzte.
Zehazki, igande honetan 2.993 proba diagnostiko egin dituzte (larunbatean baino 164 gehiago) eta 161 kutsatze zenbatu dituzte, bezperan baino 21 gutxiago. Duela astebete, 159 positibo atzeman zituzten (3 gutxiago), baina duela bi aste 199 izan ziren (37 gehiago).
Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 64 erregistratu zituzten, Lizarran % 10 eta Tuteran % 6. Gainerako positiboak (% 20) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Positibo gehien dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Iruñeko II. Zabalgunea eta Donibane daude denen buru: 11 eta 10 kasu, hurrenez hurren. Ondoren datoz Iruñeko Alde Zaharra (bederatzi) eta Barañain (sei).
Erregistratutako kasu berrien adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, talde nagusia 45 eta 59 urte artekoa da (% 27), ondoren 15 urtetik beherakoak daude (% 19) eta, azkenik, 15 eta 29 urte bitartekoak (% 18). Ondoren, 30 eta 44 urte bitartekoen taldea dago (% 15), eta 60 eta 75 urte bitartekoen taldea (% 14). Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldean kutsatu berrien % 7 daude.
Positibo berrien batez besteko adina 40,9 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.
Bestalde, gaixotasun horrekin lotutako lau ospitaleratze berri izan ziren atzo Foru Erkidegoan, laurak zainketa intentsiboetako unitateetan. Halaber, 88 urteko gizon bat eta 95 urteko emakume bat hil ziren.
Nafarroan, beraz, 1.035 heriotza izan dira, eta birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 48.291 kasukoa da Foru Erkidegoan.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 207 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino 11 gehiago); horietatik 35 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino bi gehiago), eta beste 25 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bat gutxiago). Gainerakoak, 147 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino hamar gehiago).
Bestalde, Nafarroako sare publiko eta itunduetako Haur eta Lehen Hezkuntzako 543 ikasle euren ikastetxeetara itzuli dira gaur, aurrez aurreko hezkuntza jasotzen jarraitzeko, konfinamendu-aldia amaitu ostean. Aldi berean, 472 ikasle konfinatu dituzte asteburu honetan.
Gaur egun 1.838 dira konfinatutako ikasleak, hau da, bi zikloetako ikasle guztien % 2,96. Gelaka, 94 daude isolatuta 56 ikastetxetan, hau da, konfinatu daitezkeen talde egonkor guztien % 2,69.
Bestalde, Espainian 79.868 positibo antzeman dituzten ostiraletik. Kutsa kopuruak behera egin du joan den asteburuan detektatutako kasuekin alderatuta (93.822), baina ospitaleetan presioak goraka segitzen du: zainketa berezietarako unitateetan oheen % 45,30 beteta daude.
Osasun Ministerioaren arabera, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 865,67 kasukoa da 100.000 biztanleko. Beraz, 20 puntuko jaitsiera izan da.
Asteburuan beste 762 pertsona hil dira koronabirusarekin. Guztira, 59.081 heriotza izan dira Espainian, 1.534 azken astean.