Itxi

Erreportajea

Zaldibarko hondamendiak bistarazi zuen zama

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Leer en Castellano

"Erdi-ahaztuta" zegoen arazoa azaleratu zuen Eitzagako deskalabruak: hondakinen kudeaketa, eta arlo horretan zabortegiek duten pisua. Auziaz mintzatu gara zenbait agenterekin.

500.000 hondakin amildu ziren mendian behera. Argazkia: EFE

Duela urtebete gertatu zen. Verter Recycling enpresak 2007tik kudeatzen zuen Eitzagako (Zaldibar, Bizkaia) zabortegiaren zati bat zartatu eta milioi erdi tona hondakin amildu ziren, sumendi baten laba bailiran, AP-8 autobidera heltzeraino.

Urtebete igaro da, eta zoritxarrez ondo gogoan dugu, luiziaren eragin mingarrienetakoa itxi gabe dagoelako, hots, hondakinen artean harrapatutako bi langileetako baten gorpua, Joaquin Beltranena, aurkitu gabe jarraitzen dutelako. 12 hilabeteotan asko hitz egin da Zaldibarrez, eta oraindik zarratu gabe dago auzi judiziala eta argitzeke ingurumenean eragin ahal izan dituen ondorioak.

Gizartearen zati handi batentzat "erdi ahaztuta" zegoen gai bat atera zuen azalera Zaldibarreko hondamendiak: hondakinen kudeaketa eta zabortegiek arlo horretan duten pisua.

Gai korapilatsu horretan erantzunak jasotzeko asmoz, hondakin industrialak kudeatzen dituen Hondakin enpresako arduradunarekin eta Ekologistak Martxan elkartekoekin izan gara. Egungo sistemaren argi-ilunak, baina batez ere, etorkizuneko gakoak jarri dizkigute mahai gainean.

Hondakinak, zenbakitan

Euskadik, lehen munduko beste ekonomiek bezalatsu, zabor kopuru handia eragiten du. Aclima Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkarteak iaz emandako datuen arabera, urtero Euskadin 6,3 milioi tona hondakin sortzen dira. Gehienak, % 60, industriak egindakoak dira (horietatik % 55 hondakin ez-arriskutsuak eta % 5 hondakin arriskutsuak). Gainerako % 40a horrela banatzen da: ia laurden bat (% 21) eraikuntza sektoreari dagokio, eta % 19, hiri hondakinei.  

Gaur gaurkoz, sortzen diren zaborren erdia birziklatzea lortzen da, baina % 37k zabortegietan bukatzen dute (ehuneko hori handiagoa da hondakin industrialen kasuan — % 42—). Balorizazio energetikoari (hondakina energia bihurtzea) dagokionez, ehunekoa oso apala da Euskadin: % 6.

Aipagarria da EAEn ez dagoela hondakin arriskutsuak propio gordetzeko zabortegirik. Zaldibarko hondakindegiak, beste batzuk bezala, mota honetako hondakinak jasotzeko baimena zuen, betiere baldintza batzuk beteta. Besteak beste, hondakin ez-arriskutsuetatik ondo bereizita egotea eta segurtasun-biltegietan gordetzea.

Zaldibarko zabortegi bizkaitarrak 500.000 tona zarama jasotzen zituen urtero. Hondamendia gertatu eta gutxira zarratu zuen Mutiloako hondakindegi gipuzkoarrak, bestalde, 350.000 tona zabor hartzen zituen. EAEko zabortegiek (Jaurlaritzaren azken txostenaren arabera, 13 daude guztira, gehienak —10— pribatuak) hondakinen kudeaketan duten pisua, bada, bistakoa da.

Zer egin, bada, hondakin kopuru itzel horrekin? Jasangarria al da zaborrak sortzeko erritmo horri eustea? Zein izan daiteke konponbidea?

Gehien isurtzen dutenei, zerga

Eusko Jaurlaritzak berriki aurkeztu du "2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Plana"ren zirriborroa, 97 milioi euroko inbertsioa izango duena. Egitasmoak jasotako aurreikuspenak ez dira onak: egun dauden zabortegiek lau milioi metro kubiko jasotzeko ahalmena dute 2030era arte, baina industriak zazpi milioi eta erdi metro kubiko isurtzeko beharra izango du. Horren aurrean, estrategia zehaztu du Arantxa Tapiak zuzentzen duen Sailak, eta hainbat helburu ezarri, hala nola, % 30 zabor gutxiago sortzea eta zabortegietara doazenak % 15 murriztea (gaur egun, esan bezala % 37 dira).

Izan ere, Jaurlaritzak ez du zabortegi berririk zabaltzeko asmorik, eta aurreratu du daudenak "moldatzea" izango dela gakoa. Horrez gain, Legebiltzarrean izapidetzen ari diren Ingurumen Legeak hondakin industrialen tasa ezartzea aurreikusten du. Bestela esanda, zaborrak sortzen dituenak horren arabera ordaintzea.

Zerga horren inguruan galdetu diogu Ekologistak Martxan elkarteari. Argitu digunez, tasa horrek "historia luzea du EAEn. Duela 18 urteko 2003-2006 Hondakin Arriskutsuen Kudeaketarako Planean jasota zegoen. Orduko hartan, Euskadik 290.000 tona hondakin arriskutsu sortzen zituen urtero, eta horien % 68k zabortegian bukatzen zuten. Neurri ona izan zen eta den arren, Eusko Jaurlaritzak ez du orain arte ezarri".

Nafarroak edo Kataluniak badute isurketen gaineko zerga

Europako hainbat herrialdetan badago isurketen eta errausketaren gaineko zerga hori, eta Espainiako Estatuko hainbat erkidegok ere, Kataluniak eta Nafarroak esaterako, aplikatzen dute.

Talde ekologistaren esanetan, tasa giltzarri da hondakinen kudeaketarako bi oinarrizko printzipioak betetzen direlako. Batetik, "kutsatzen duenak ordaintzen du" delakoaren printzipioa. Bestetik, Europak ezarritako hondakinen hierarkiaren printzipioa ere badago zerga horren atzean. "Hondakinak kudeatzeko orduan lehentasunak ezartzen ditu: prebentzioa edo murrizketa, berrerabilpena, birziklatzea, balorizazioa edo errausketa, eta azkenik, zabortegira eramatea", azaldu digute Ekologistak Martxanetik. Horren arabera, azken aukeraren alde (hondakindegira botatzea) egiten duten enpresek berrerabilgarriak diren hondakinak sortzen dituztenek baino gehiago ordaindu beharko lukete.

Gaur egun, ordea, merkeena hondakinak zabortegira eramatea da. Talde ekologistak baieztatu digunez, Europa osoko hondakindegi merkeenak ditugu gurean.

Zabortegien inguruan zehaztapena egin nahi izan du Ekologistak Martxanen: "Zabortegietan hondakinak ezabatzen direla esatea faltsua da. Zabortegietan ez dituzte hondakinak deuseztatzen, ezkutatu egiten dituzte. Isuri ostean, lurrarekin estaltzen dute, baina hondakina hor dago, eta zabortegia itxita ere, 30 urtez edo gehiagoz kontrolatu behar da. Izan ere, hondakinek gasak isurtzen dituzte eta ingurumen ondorioak ditu horrek".

Iker Basaras Hondakin SL enpresako zuzendari kidearen ustez, hori da zaborren auzia konpontzeko gakoetako bat, kostuaren afera. Etxeko ekonomiako adibide bat jarri digu kontua hobeto ulertzeko: "Niri zabor poltsa botatzera noan bakoitzean bost euro kobratzen badizkidate, agian hurrengoan pentsatuko dut poltsa gutxiago bota behar ditudala. Erostera noanean ere, aukeraketa ezberdina egingo dut: hainbeste plastiko eta kartoi dituen jogurt bat erosi beharrean, kristalezko bat erosiko dut, gero bueltatu ahal izateko, adibidez".

Hondakinen balorizazioa, EAEn garatu bako aukera

Basarasek ondo ezagutzen du zaborren kudeaketaren egunerokoa. Bergaran egoitza duen Hondakin enpresak urtero 600 bat bezeroren (gehienak tamaina ertain-txikikoak) hondakinak kudeatzen ditu, arriskutsuak zein ez-arriskutsuak. Arriskutsuekin (2019tik dute kudeatze baimena) horiek jaso, sailkatu eta bukaerako tratamendu zentroetara eramaten dituzte. Basarasek emandako datuen arabera, horietatik % 40 zabortegietara bidaltzen dira, eta gainerakoa, birziklatzera edo balorizatzera.

Zenbait adibide jarri dizkigu azken hori zer den azaltzeko. Adibidez, disolbatzaileak destilatu egiten dituzte, eta behin garbi daudenean eta errendimendu baxua badute, energetikoki balorizatzen dituzte porlana egiteko azpiegitura baimenduetan. Gauza bera egiten dute trapu eta paper kutsatuekin, baita pintura lohiekin ere. Bada beste balorizazio mota bat, energetikoa ez dena. Hori bera aplikatzen dute eraikuntzako hondakin batzuekin: sailkatu, txikitu eta betelan moduan erabiltzen dira, harrobietako materiala erabili beharrean. Egurrarekin ere, beste hainbeste: txikitu eta tablero fabriketara eramaten da (zuhaitzetatik egurra ateratzea saihesten dute, modu horretan). 

Alemania bezalako herrialdeek hondakinak energetikoki balorizatzeko hainbat lantegi dituzte. Argazkian, Oberhausenekoa (Pixabay)

Balorizazioa terminoa behin eta berriz aipatzen du Basarasek, hori baita Hondakin enpresak gehien egiten duena. Argitu digunez, Euskadin ez dago hondakinak energia bihurtzeko azpiegiturarik eta Espainiako Estatura edo Europara bidali behar izaten dituzte zaborrak.

Hondakin enpresako zuzendarikideak nabarmendu duenez, "hemen historikoki zabortegiak hain merkeak izan direnez, ez dira garatu hondakinak beste modu batera tratatzeko prozesu ezberdinak. Azpiegitura horiek stand by-n geratu dira, Europan pilo bat daude, baina hori da zabortegiak hiru aldiz garestiago direlako".

Basarasen ustez, hondakinen kudeaketaren gaian ez dago irtenbide magikorik, "ez dago instalazio bat Euskal Herriko hondakin guztiak kudeatzeko gai izango dena. Azpiegitura txiki pilo bat beharko dira, orain arte, zabortegien prezioagatik garatu ez direnak". Datua eman du hori agerian uzteko: "Gu Hondakinen 15 langile gara, eta 3.000 tona kudeatzen ditugu. Verterren, esaterako, sei behargin ziren eta 500.000 tona kudeatzen zituzten. Azpiegitura gehiago sortuta, lanpostu eta inbertsio gehiago sortuko lirateke, eta gainera, jasangarriago izango ginateke".

Balorizazio energetikoarekin kritiko azaldu da, ordea, Ekologistak Martxan elkartea. "Erraustegiek hondakinak gas bihurtzen dituzte, bestela esanda, lurreko kutsadura poluzio atmosferiko bihurtzen dugu. Kutsadura eremu batetik bestera pasatzen dugu. Europar Batasunak ezarritako hierarkia horretan, bigarren txarrena da".

Ekonomia zirkularrerantz

Talde ekologistaren aburuz, "Euskadin zabortegi gutxiago behar ditugu, eta bakar bat ere Zaldibarren modukoa. Hondakinak kudeatzeko, elkarrengatik banatzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko azpiegitura gehiago behar dira. Halaber, Ekonomia Zirkularraren aldeko apustu garbia egin beharko litzateke, baina produktu guztien zirkulartasun diseinurako irizpide zehatzak ezarriz. Horretarako produktuak iraunkorrak, berriztagarriak, konpongarriak eta birziklagarriak izatea bermatu behar da, material ez-toxikoez eginak direla ziurtatuz eta baliabideak modu jasangarriak erabilita".  

Zure interesekoa izan daiteke: Zer da Ekonomia Zirkularra?

Europako Batzordeak (EB), hondakinen zuzentarauaren eta Ekonomia Zirkularraren neurri sorten bidez, ibilbide orria ezarri du trantsizioan laguntzeko. Europako araudi horren arabera, 2025erako hiri hondakinen % 55 berrerabili edo birziklatu beharko dira, eta 2030erako % 60koa izan beharko da ehuneko hori (2035erako, % 65). Horrez gain, ontzien % 65 birziklatuak izan beharko dira 2025erako, % 70, 2030erako.

Era berean, EBk eraikuntza hondakinen inguruan honakoa ezarri zuen 2020 baino lehenagorako. Hondakin horien % 70 berrerabili, birziklatu edo beste material batzuetan balorizatu beharko lirateke.

Begi bistakoa da eredua aldatu beharra dagoela. Ekologistak Martxanetik gogorarazi digunez, "gizakiak hiru planeta beharko lituzke kontsumo maila honi eusteko, batez ere 2050erako hazkunde demografiko handia espero delako: 9.600 milioi pertsona izango gara. Ezin diogu ekoizpen, kontsumo eta kutsatze mailari eutsi, gure planetaren baliabideak mugatuak direlako".

Albisteak (5)