Itxi

KORONABIRUSA

Euskadin % 75ek txertoa hartu nahi dute eta % 40k murrizketa gehiago eskatu dituzte

N. B. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera, hamarretik zazpik uste dute kutsatzeko arrisku txikia dutela, eta hamarretik lauk esan dute normaltasuna ez dela 2022ra arte berreskuratuko.

Hauek dira "Pandemiari buruzko herritarren pertzepzioak" azterlanaren datuak. Argazkia: EFE.

EAEko herritarren % 75 prest dago txertoa hartzeko aukera duenean (% 5ek baino ez dio uko egiten), eta % 40 murrizketa gogorragoak ezartzearen aldekoa da, covid-19 pandemiari aurre egiteko, etxeko konfinamendu berri bat barne, herritarren % 45ek babesten duen aukera.

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak "Pandemiari buruzko herritarren pertzepzioak" ikerketa zabaldu du ostiral honetan, urtarrilaren 27tik 30era bitartean egindakoa, eta, horren arabera, hamarretik lauk uste dute normaltasuna ez dela berreskuratuko datorren urtera arte.

Euskadiko biztanle gehienak (% 75) txertoa hartzeko prest daude, eta beste % 19 oraindik ez daude seguru, baina kutsatzeko arrisku handiko egoera baten aurrean % 42k hartuko lukete, beren inguruko pertsonek kontrako ondoriorik ez dutela ikusten badute % 33k, medikuak gomendatzen badu % 25ek eta beste herrialde batzuetara bidaiatzeko ezinbestekoa bada % 16k.

Herritarren % 5ek baino ez diote uko egiten txertoa hartzeari, segurua ez dela uste dutelako (% 30) edo itxarotea nahiago dutelako (% 41).

Hamarretik seik uste dute gizalegez eta murrizketak errespetatuz jokatzen ari direla, eta % 34k uste dute jarrera insolidario orokorrak daudela.

Pandemiaren egungo eboluzioa ikusita, % 40k murrizketa gehiago eskatzen dituzte, % 28k neurri ezberdinak eta % 2k soilik erlaxatzearen alde egiten dute. Egungo neurriak egokiak dira % 24rako.

Iritzi banaketa handia dago etxeko konfinamendu berri baten inguruan: % 45ek uste dute inposatu egin beharko litzatekeela eta % 52k ez.

Indarrean dauden neurrien kasuan, % 55ek udalerrien konfinamendu perimetrala babesten dute, % 51k bilera bakoitzeko lau pertsona gehienez, eta % 46k ostalaritza gune gorrian ixtea; hala ere, herritar batzuek uste dute murrizketa horiek egoera txarrenean dauden udalerrietara mugatu beharko liratekeela.

Halaber, kutsatzeko arrisku handiena duten jarduerak honako hauek direla uste dute: etxebizitzetan elkarrekin bizi ez diren pertsonekin biltzea (% 89k uste du arrisku handia edo nahikoa dutela), garraio publikoan joatea (% 85) eta ostalaritzako lokalen barruan jatea edo edatea (% 80).

Beste pertsona batzuekin espazio itxi batean lan egitea (% 77), klasera joatea (% 73) eta dendetara edo merkataritza-guneetara joatea (% 73) ez da hain arriskutsua.

Hala eta guztiz ere, hamarretik zazpik uste dute ez dela batere probablea koronabirusarekin kutsatzea, % 7k oso probablea dela uste dute eta % 18k nahiko probablea dela uste dute.

Gaixotasunaren larritasunaren pertzepzioa adinarekin lotuta dago; beraz, zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta handiagoa da ondorio larrien beldur diren pertsonen ehunekoa. Bestalde, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen erdiek uste dute ez litzatekeela oso larria izango, eta % 21ek, batere larria ez litzatekeela izango uste dute.

Eusko Jaurlaritzaren pandemiaren kudeaketari 10etik 5,7ko nota eman diote eta Osakidetzaren arretari 7,6. Inkestatuen % 93 kezkatuago daude senide bat gaixotzen delako, eurak gaixotzen direlako baino (% 78).

% 89 kezkatuta daude covidaren bilakaerarekin, eta % 45ek uste dute okerrena iristeko dagoela; % 14k uste dute fase hori igaro dela, eta % 34k uste dute oraingoa dela unerik zailena.

Herritarren % 42ren ustez, pandemiaren aurretiko bizimodua ez da posible izango 2022a baino lehen, baina % 26ren arabera, 2023ra arte edo beranduagora arte ez da horrelakorik gertatuko, eta % 8 are ezkorragoa da eta uste du inoiz ez dela modu berean biziko.

Gutxiengoa dira normaltasuna aurten bertan iritsiko dela uste duten herritarrak (% 13), eta are gutxiago uda baino lehen iritsiko dela uste dutenak (% 6).

Albisteak (2)