Itxi

Koronabirusa

AstraZenecaren txertoa 18-55 adin tarteko pertsonei bakarrik emango diete

E. L. | EiTB Media

Leer en Castellano

Honenbestez, Frantzia, Alemania edo Belgika bezalako herrialdeen irizpide berdina jarraituko du Espainiak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainiak AstraZenecaren txertoa 18-55 adin tarteko pertsonei soilik ematea erabaki du azkenean. Aurreneko dosiak asteburu honetan bertan helduko dira Estatura.

Aste honetan hiru bilera egin ditu Batzordeak. Adin muga 65 edo 55 urtetan jartzea eztabaidatu dute.

Honenbestez, Frantzia, Alemania edo Belgika bezalako herrialdeen irizpide berdina jarraituko du Espainiak; izan ere, txertoa 65 urtez azpikoetan bakarrik erabiltzea adostu zuten, eraginkortasun frogen faltan. Erresuma Batua, ostera, 65 urtez gorakoak txertatzen ari da.

Iragan astean, txertoa adineko pertsonentzako baimentzea gomendatu zuen Sendagaien Europako Agentziak (EMA), baita 65 urtez gorakoentzako ere. Edonola, herrialde bakoitzak du azken erabakia.

Fernando Simon Osasun Larrialdi eta Alerta Koordinazio Zentroko zuzendariak aste honetan aurreratu zuenez, baliteke Espainiak gomendioa ez jarraitzea. Alemaniak 65 urtez gorako pertsonei ez ematea erabaki zuen, adituen aholku taldeari jaramon eginez, froga zientifiko “nahikorik” ez dagoelako.

Ez dago emaitza nahikorik

AstraZenecak Erresuma Batuan, Brasilen eta Hegoafrikan egin dituen entseguetan, txertoa seguru eta eraginkor agertu da adineko pertsonetan covid-19a prebenitzeko garaian. Guztira, 24 000 pertsonak hartu dute parte, baina gehienak 18-55 adin tartekoak. Beraz, 55 urtez gorakoen artean eraginkortasuna frogatzeko nahikoa emaitzarik ez dago.

Horregatik, Espainiara heltzen diren aurreneko dosiak osasun profesionalei emateko erabakia hartu zuen Osasun Batzordeak ostegunean. 1,8 milioi dosi helduko dira otsailean.

Horrela, asteburu honetan iristen diren lehen dosiak lehen lerroan lanean ez dauden osasun langileentzat izango dira, Osasun Ministerioak onartutako Txertaketa Estrategiaren arabera.

AstraZenecaren txertoa bi injekziotan emango dute, besoan, bigarrena aurrena jaso 4-12 aste geroago. Hala ere, lehen eta bigarren dosien arteko tartea Espainian 10-12 astekoa izatea adostu dute ostiral honetako bileran, Carolina Darias Osasu ministroak otsailaren 3an aurreratu bezala.

Bestalde, 80 urtez gorako pertsonei ARNm-an oinarritutako txertoak bakarrik jartzea erabaki zuen Osasun Batzordeak aste honetan, hau da, Pfizer-BioNTechena eta Modernarena.

Lau milioi dosi hilabete honetan

Sendagaien Europako Agentziak orain arte baimendutako covid-19aren aurkako hiru txertoen lau milioi dosi jasoko ditu Espainiak hilabete honetan. Bi milioi pertsona immunizatzea posible izan daiteke, Espainiako biztanleriaren % 4.

Konkretuki, AstraZenecaren 1.810.575 dosi, Pfizer-BioNTecheko beste 1.779.579 eta Modernaren 412.000 txerto helduko dira.

Gainera, baliteke Europak Janssen, Novavax eta Curevacen txertoak laster onartzea. Horrela, martxoan eta apirilean dosi eskuragarrien kopuruak “dezente gora” egitea espero du Osasun Ministerioak.

Udarako biztanleriaren % 70 immunizatzea nahi du Espainiako Gobernuak, 33 milioi pertsona baino gehiago.

Albisteak (3)

Bideoak (1)