Itxi

KORONABIRUSA

Iritsi dira Oxford-AstraZenecaren txertoaren 1.600 dosi Ipar Euskal Herrira

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Igandean hasiko dira 50 urtez azpiko osasun langileei jartzen. Espainiar Estatura ere gaur iritsi dira 196.800 dosi eta astelehenean banatuko dira erkidegoen artean.

Baionako ospitalean hartuko dituzte AstraZenecaren lehen dosiak, Euskal Herrian.

Pfizer-BionTechek eta Modernak jada urratutako bide beretik, Oxford-AstraZenecaren covid-19aren aurkako txertoa baimendu zuen Sendagaien Europako Agentziak iragan astean, eta gaur bertan iritsi dira lehen dosiak Ipar Euskal Herrira.

Ordu zehatza ezagutzera eman ez bada ere, 1.600 dosi iritsi dira larunbat honetan Baionako ospitalera eta beste horrenbeste edo gehiago helduko dira, gainera, datozen egunetan.

50 urtez azpiko osasun langileei jarriko dizkiete txerto horiek, ez soilik ospitalean lan egiten dutenei, eta bihar bertan, igandea, hasiko dira txertaketak. Helburua, lehenbailehenen, osasun langile guztiak babestuta izatea da.

Ipar Euskal Herriko txertaketen datu ofizialik ez badago ere, otsailaren 2ra bitartean, 23.000 pertsonatik gora txertatu dituzte Pirinio Atlantikoetako Departamentuan. Lehen taldeetan daude 50 urtetik gorako osasun langileak, 75 urtetik gorako biztanleak, zahar etxeetako egoiliarrak eta patologia larriak dituzten gaixoak.

Arabara, Bizkaira, Gipuzkoara eta Nafarroara, astelehenetik aurrera

Espainiar Estatura ere gaur arratsaldean iritsi dira Oxford-AstraZenecaren txertoaren lehen dosiak. Osasun Ministerioak zehaztu duenez, 196.800 dosi iritsi dira, AstraZenecak Madrilen duen biltegian gordeko dira eta astelehenean hasiko dira autonomia erkidegoetara bidaltzen.

18 eta 55 urte bitartekoak txertatzeko erabiliko da AstraZenecaren formula eta lehen lerroan ez dauden osasun langileekin hasiko dira inokulazioak. Beste bi txertoek bezala, bi dosi behar ditu honek ere, baina 21 eguneko tartean jarri beharrean, 4 eta 12 aste utzi behar dira bi dosien artean. Hala, bigarren dosi hori 10. eta 12. asteen artean jartzea hobetsi du Espainiako Osasun Batzordeak.

Otsailean zehar 1.810.575 dosi bidaliko ditu AstraZenecak Espaniara, 1.779.579 Pfizer-BionTechek eta 412.000 Modernak. Guztira, 4 milioi dosi pasatxo izango dira. Martxoan, berriz, beste 2.750.040 dosi bidaliko ditu Pfizerrek eta AstraZenecak eta Modernak ere bidalketekin jarraituko dute.

Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, Espainiako biztanleriaren % 70 immunizatuta iritsiko da udara, 33 milioi pertsona baino gehiago, alegia. Horretarako, baina, txerto kopuruak nabarmen gora egin beharra dauka eta horretan lagun dezakete laster Europan onar daitezkeen beste txerto batzuk: Sputnik V, Janssen, Novavax eta Curevac daude, besteak beste, hautagaien artean.

Albisteak (3)