Gipuzkoa
Hondarribian desagertutako arrantzalea bilatzeari utzi diote
E. L. | EiTB Media
Bederatzi egun pasa ondoren, bilaketa bertan behera geratu da, baina larrialdi zerbitzuek "erne jarraituko dute". 49 urteko arrantzalea itsasora erori zen Jaizkibel mendiaren kostaldean.
Urtarrilaren 28an, Jaizkibel mendiaren kostaldean, Hondarribian (Gipuzkoa), desagertutako arrantzalea bilatzeari utzi diote larrialdi zerbitzuek, bederatzi egun bilatzen eman ondoren, inolako emaitzarik lortu gabe.
Gaur goizean lanari heldu diote berriro Ertzaintzako urpekariek eta Gurutze Gorriko eta Guardia Zibileko bi ontzik, baina gaur ere 49 urteko arrantzalea ez dute topatu.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, bilaketa bertan behera geratu da emaitzarik gabe, baina larrialdi zerbitzuek "erne jarraituko dute, edozein zantzu edo nobedaderen aurrean".
Iragan ostegunean jazo ziren gertakariak, 13:45 aldera. Arrantzan ari zen beste gizon batek desagerpenaren berri eman zuen, olatu batek arrantzalea eraman ondoren.