Itxi

KORONABIRUSA

Sei pertsona hil eta 33 kutsatu dira Santutxuko etxebizitza eraikin batean

O. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Osakidetzak baheketa egin du Haro plazako 4. zenbakiko bizilagunen artean koronabirusaren agerraldia kontrolpean hartzen saiatzeko. Osakidetzaren aztarnariek atzeman zutela azpimarratu du Sagarduik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Urtea hasi zenetik koronabirusak gogor kolpatu du Bilboko Santutxu auzoko etxebizitza eraikin bat. Izan ere, hiru aste eskaseko tartean, sei pertsona hil eta 33 kutsatu dira. Horrela, eta agerraldia kontrolpean hartzen saiatze aldera, Osakidetzak baheketa egin du Haro plazako 4. zenbakiko bizilagunen artean.

Urtarrilaren 21ean, 85 urteko emakume bat hil zen, eta, hiru egun geroago, 50 urteko haren semea. Bigarren heriotza horren ostean, eremu komunak desinfektatu zituzten, baina covid-19ak bizilagunen artean hedatzen jarraitu zuen.

Beste emakume bat ospitalean hil zen, eta, iragan ostiralean, 76 eta 73 urteko bi anaia hil ziren. Seigarren pertsona baten heriotzaren berri jakinarazi dute astelehen honetan.

Orain, agerraldiaren arrazoiak ikertzen ari dira. Ikertzaileek bi hipotesi dituzte: batetik, birus karga handia duen superkutsatzaile bat egotea igogailua maiz erabili duena eta birusa horrela hedatu izana, eta, bestetik, eraikinaren aireztapena eskasa izatea.

Santutxuko agerraldiaren aurrean Osakidetzak  azkar erantzun duela defendatu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan. Hala ere, haren esanetan, "beti ezin da garaiz heldu". Kontuak kontu, ez du uste aldaera britainiarrak zerikusirik izan duenik birusaren zabalkundean. Azaldu duenez, une honetan, atari horretan atzemandako positibo guztien egoera aztertzen ari dira. Gainera, agerraldia Osakidetzaren aztarnariek atzeman zutela azpimarratu du, "aztarnarien sareak funtzionatzen duenaren erakusgarri".

Miren Basaras EHUko Mikrobiologiako irakasleak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azpimarratu duenez, ezinbestekoa da osasun neurriak jarraitzea eta aireztapena behar bezala egitea, baita

62 familia bizi diren bizilagunen komunitate horretan sei pertsona hil dira dagoeneko.

Federico Azkarraga Haro Plazako 4. zenbakiko administratzaileak, bere aldetik, bizilagunen artean "beldurra eta nahasmena" nagusitu direla azpimarratu du Radio Euskadin. Halaber, informazio falta deitoratu du: "Komunitatean nahiko desinformatuta gaude, ez digutelako benetako egoeraren berri ematen".

Simonek leku komunen arriskuaz ohartarazi du

Fernando Simon Espainiako Gobernuaren Osasun Alerta eta Larrialdien Zentroko zuzendariak ohartarazi du epidemiaren hasieratik dakitela "eremu komunak kutsatuta" egon daitezkeela. Horregatik, leku horietan ere prebentzio neurriei eusteak duen garrantzia azpimarratu du.

"Badakit ikerketak egiten ari direla", adierazi du Simonek, "zuhurtzia eremu guztietan" ezarri beharra dagoela gogorarazi aurretik.

Horregatik, etxebizitza eraikinetan ere distantziak zaintzea, eskuak sarri garbitzea, gainazalak garbitzea, musukoak erabiltzea eta gainazalak kutsatuta egon badaitezke eskularruak erabiltzea aholkatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Bideoak (1)