Itxi

KORONABIRUSA

LABIko kide batek golfean aritzeko konfinamendua hautsi duela salatu dute

N. B. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Osasun Sailak haren jokabidea defendatu du, azken astean kirola aire librean egiteko irizpidea aldatu egin dela, baina agiri ofizialetan oraindik ez dutela argitaratu argudiatuta.

Your browser doesn’t support HTML5 video

El Correo egunkariak gaur argitaratu duenez, LABIko, Euskadiko Babes Zibileko Planaren Batzorde Teknikoko, kide batek udal konfinamendua hautsi zuen golfean aritzeko.

Ibon Etxeberria Olañeta Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria da, Bilbon bizi da, eta, antza, joan den igandean Mungiara joan zen (Bizkaia) Laukarizko golf zelaira. Horrek urratuko luke herrikako itxialdi perimetralaren araua, eta, zentzu horretan, jokabideak zor lezake polemika.

Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa osoan, norbera bere herritik ateratzeko debekua ezarrita dago, eta, horrez gain, Bilbo zein Mungia eremu gorrian daude, 500 kasu baino gehiago atzeman dituztelako 100.000 biztanleko azken 14 egunetan.

Gainera, Jaurlaritzak berak urtarrilaren 25ean argitaraturiko jarraibideetan herritarrek zer egin dezaketen eta zer ezin dezaketen egin argi adierazten du ezin dela mugitu aipatutako intzidentzia-tasak gainditzen dituzten "udalerrien artean".

Hala ere, Osasun Sailak Etxeberriaren jokabidea babestu zuen atzo, eta urtarrilaren 23ko eta 12ko dekretuek beste udalerri batzuetan aire libreko jarduera fisikoa ahalbidetzen dutela adierazi zuen.

El Correok zabaldu duenez, Etxeberriak berak aitortu dio korrika egitera joan zela golf zelaira, eta ez duela araurik hautsi. Antza, Jaurlaritzaren Zuzenean arreta atariak baietz erantzuten ari da galdetzen diotenean gune gorrian dauden herrietara joaterik ote dagoen kanpoan kirola egitera. Halere, onartu du agiri ofizialetan oraindik ez dutela irizpide hori eguneratu.

Albisteak (2)

Bideoak (1)