Itxi

Koronabirusa

Eva Ferreirak dio EHU toki segurua dela, "kutsatze fokurik gabea"

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

"Pandemiaren bilakaerak okerrera egin ezean, aurrez aurreko eskolak eta telematikoak tartekatuko ditugu. Horrela, astean edo bi astean behin ikasleak unibertsitatera joan daitezke", esan du.

Eva Ferreira EHUko errektorea. Argazkia: EFE

Eva Ferreira EHUko errektoreak ziurtatu du euskal unibertsitate publikoa "leku segurua" dela, "kutsatze fokurik gabea". Horregatik, aurrez aurreko eskolen alde egin du, betiere "indarrean dauden osasun neurriak betez".

Onda Vasca irrati katean egin dioten elkarrizketan (Europa Press agentziak jaso du), Ferreirak esan du ikasturtea aurrez aurreko klaseekin bukatzea dela EHUk duen erronketako bat: "Unibertsitatea toki segurua da".

"Pandemiaren bilakaerak okerrera egin ezean, aurrez aurreko eskolak eta telematikoak tartekatuko ditugu. Horrela, astean edo bi astean behin ikasleak unibertsitatera joan daitezke", adierazi du.

Ferreiraren hitzetan, ikasleentzat garrantzitsua da ikasgelara joatea "gainerako ikasleekin harremanetan egoteko". "Bizipoza ematen du ikaskideen aurpegiak ikusteak", nabarmendu du.

Era berean, Ferreirak argi utzi du irakasleentzako ere beharrezkoak direla aurrez aurreko eskolak, nahiz eta onartu duen egun batetik bestera irakaskuntza eredua egokitu behar izatea pauso garrantzitsua izan dela "online ikasketen aldeko bidean".

Bestalde, Ferreirak azpimarratu du, jende asko pilatzeko edota kutsatzeak gertatzeko beldurrak bultzatuta, beste unibertsitate batzuetan izan direla azterketa presentzialen aurkako "aldarrikapen indartsuak", baina EHUn ez dela oraingoz horrelakorik gertatu.