Itxi

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Iratxe: 'Bat-batean egin nuen okerrera, hiltzen nengoen eta ezin nuen familia agurtu'

EITB Media

Leer en Castellano

43 urterekin esperientzia gogorra bizi izan du Iratxek, covid-19ak jota ZIUn egon baita: "Izugarria da". Alberto Martinez Gurutzetako Anestesia eta Erreanimazio buruarekin ere izan da Radio Euskadi.

Iratxe bere txakurrekin

43 urteko Iratxe duela egun gutxi atera a ZIUtik. Orain dela hilabete osasuntsu zegoen, baina covid-19arekin gaixotu zen, eta bere osasun egoerak okerrera egin zuen.

Urtarrilaren erdialdean gertatu zen guztia. Ospitaleratu egin zuten orduan, eta hiru egun geroago koman zegoen. Sei egunez intubatuta egon da, Gurutzetako ZIUn. Gaixotu aurretik, Iratxek ez zeukan patologiarik, baina argitu gabeko arrazoiak tarteko, haren osasun egoerak okerrera egin zuen, ZIUn amaitu arte. Zorionez, Iratxek lortu du birusari aurre egitea, eta Urdulizko Ospitalean dago orain, logela arrunt batean.

"Sukarra igo zitzaidan eta positibo eman nuen. Arnasteko arazoak nituenez, ospitalera ekarri ninduten, eta hasieran pneumonia arin bat izan zena, pneumonia larri bihurtu zen geroago. Hiltzen nengoen", kontatu du Iratxek Radio Euskadiko "Boulevard" saioan.

Intubatu beharra zeukatela esan zioten, eta ZIUn egon den denbora honela deskribatu du: "Izugarria izan zen, haluzinazioak neuzkan, galduta nengoen, deskriba daitekeen egoerarik okerrena da".

Denbora gutxian gertatu zen dena: "Bat-batean hiltzen nengoen, eta ez nuen familia agurtzeko aukerarik izan". Munduko pertsonarik arduratsuena dela ere aitortu du. "Beti neraman maskara jarrita, ez nintzen taberna eta merkataritza-guneetara joaten, gaixorik dudan aita kutsatzeko beldur nintzelako", erantsi du.

Hilzorian egon bazen ere, Iratxek oso azkar lortu du berriro osasuntsu egotea, eta hori ere ez omen da oso normala. Gurutzetan erabiltzen duten fisioterapia goiztiarrari garrantzi handia eman dio, koilara bat hartzen edo zutitzen ikasi behar izan duelako berriro. Gainera, eskertuta agertu da Gurutzetan ZIUko gaixoak zaintzeko abiatu duten proiektuarekin, irrati bat utzi baitzioten, musika entzuteko, eta seme-alaben marrazkiak ikusteko aukera ere eman baitzioten.

Orain beldur handiagoa dauka Iratxek, ez duelako inolaz ere berriro egoera horretatik pasatu nahi, eta garbi du jendea kontzientziatzea beharrezkoa dela.

Bestalde, Gurutzetako Ospitaleko Anestesia eta Erreanimazioko buru Alberto Martinez Ruizek kontatu du ZIUn dauden gaixo askoren adibide dela Iratxe. Halere, itxaropen mezu bat zabaldu nahi izan du Martinezek: "Heriotza tasa % 10etik beherakoa izatea lortu dugu, eta jendeak geroz eta denbora gutxiago igarotzen du ZIUn".

Haren iritziz, otsailean oraindik ospitaleratze asko egongo dira, dela logela arruntetan, dela ZIUn. Nolanahi ere, uneoro paziente guztien tratamendua bermatu ahal izango dutela nabarmendu du. Gurutzetan atondu dituzten ZIU unitate berriei buruz esan du ez duela uste erabili beharko dituztenik.

Lan egiteko orduan, ospitale ezberdinetako osasun langileen artean izan duen koordinazioa ere izan du hizpide: "Ospitale bakarra izango bagina bezala egin dugu lan, ez diogu inprobisazioari biderik eman".

ZIUko gaixo gehienek hobera egiten badute ere, badira bertan hilabeteak igaro dituzten pazienteak ere. "Patologia honek ez ditu gazteak errespetatzen, eta 20 urtetik gorako adin guztietako jendea dago ZIUn.

Bukatzeko, nabarmendu du oxigenazio arazoen aurrean, alegia, arnasteko zailtasunak daudenean, ospitalera deitu beharra dagoela