Koronabirusa
Tabernak irekitzeko baimena eman izana kaltegarria dela esan du Sagarduik
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Osasun sailburuak agerraldia egin du Legebiltzarrean txertaketa irregularrei buruz eta mugikortasunari lotutako murrizketak urratu zituen LABiko kidearen harira azalpenak emateko.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eremu gorrian dauden udalerrietako tabernak irekitzeko eman duen baimenarekin pandemiari aurre egiteko borrokari kalte egin zaiola, "Eusko Jaurlaritzak tresna bat gutxiago duelako larrialdi egoera honetan osasun publikoa bermatzeko".
Sagarduik agerraldia egin du Legebiltzarrean, Santa Marina eta Basurtu ospitaleetako txertaketa irregularrei buruz azalpenak emateko, eta bilera horretan EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpen judizialaz eta mugikortasunari lotutako murrizketak urratu zituen LABiko kidearen kargugabetzeaz ere aritu da.
Sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak ez duela erabaki hori ulertzen eta covid-19aren pandemiari aurre egiteko neurri guztiak Lurraldeen arteko Osasun Batzordeak, Europako erakundeek edota Munduko Osasun Erakundeak emandako irizpideen arabera ezarri dituztela.
"Neurri guztiak adituek eta LABIren batzorde teknikoak emandako txostenetan oinarritzen dira", adierazi du foro horretan mikrobiologoak, epidemiologoak eta osasun arloko ikertzaileak eta adituak daudela gogoratuz.
Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko "tresna bat gutxiago" duela azpimarratuta, herritarrei arduraz jokatzeko eta neurriak betetzeko deia egin die, kutsatze kopuruak goraka egin ez dezan.
Horrez gain, Ibon Etxebarria LABIren batzorde teknikoko kidearen kargugabetzea izan du hizpide. Etxeberria Bilbotik Mungiara joan zen golfean jolasteko, Eusko Jaurlaritzak ezarritako mugikortasun arauak hautsita.
Osasun Sailak azalpenak eskatu zizkionean, Etxeberriak esan zuen ez zuela inolako araurik urratu, dekretua "hitzez hitz" irakurriz gero, kirola egiteko udalerri batetik bestera igarotzea posible dela ulertu daitekeelako.
Sagarduik adierazi duenez, hasieran batean azalpen hori ontzat eman zuten, Etxeberria Osasun Sailaren arlo juridikoko zuzendaria dela kontuan hartuta. Alabaina, erantsi du ondoren araudia lasaitasunez aztertu zutela eta gertakari hark dekretuaren "izpiritua eta helburuak" urratu zituela ondorioztatu zutela.
Sagarduik azpimarratu du "gaizki" egin zuelako eta agintariek jokabide "eredugarria" izan behar dutelako erabaki zutela Etxeberria kargutik kentzea.
Oposizioak berriro eskatu du Sagarduiren dimisioa
Bestalde, oposizioko taldeek salatu dute Osasun Sailaren txertaketa-kanpaina gaizki planifikatu dela, eta Sagarduik dimisioa eman beharko lukeela berretsi dute, "nagusikeriaz" ari dela eta "gezurrak" esan dituela azpimarratuta.
Sagarduik urtarrilaren 27an egin zuen agerraldia Legebiltzarreko batzordean, Basurtu eta Santa Marina ospitaleetan izan ziren txertaketa irregularrei buruz azalpenak emateko. Kronologikoki azaldu zituen gertakari guztiak eta gaur orduan esandakoen laburpen bat egin du.
Basurtuko ospitaleko zuzendariak txertoa hartu zuela jakin zuenean berehala kargugabetu zutela berretsi du, baita Santa Marinako erietxean lantalde guztia egun bakarrean eta protokoloa urratuta txertatu behar zutela ez zuela jakin ere. Asmo horren berri izan balu, hala izan zedin ekiditeko neurriak hartuko zituela agindu du.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak aurpegiratu dio txertaketa irregularren inguruan "gezurra" esan duela eta "informazioa ezkutatzen" ari dela. Halaber, txertaketa-estrategia "kontrolik eta gardentasunik gabe" egiten ari direla kritikatu du.
"Akatsak izan daitezke, baina harropuzkeriaz jokatuta eta ardurak norbere gain hartu gabe, sinesgarritasuna galtzen da", erantsi du Uberak.
Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezen iritzian, Sagarduik emandako azalpenak "ez dira sinesgarriak", "eta akats baten ondorio izan zela esaten badu, txertaketarako planifikazioa txarra dela onartzen ari da".
Laura Garrido PP+Cs koalizioaren ordezkariaren arabera, txertaketa-kanpaina Euskadin "oso txarra" izaten ari da, "planik ez dagoelako".
Voxeko Amaia Martinezek adierazi du Osasun sailburua gezurretan ari dela eta Santa Marina eta Basurtu ospitaleetako eskandaluen ostean kargua utzi beharko lukeela.
Javier Telleria eta Ekain Rico EAJ eta PSE-EEko parlamentariek, berriz, Sagarduiren kudeaketa defendatu dute, auzi honen harira azalpenak eman zituela eta bi erietxeetako zuzendariak kargutik kendu zituztela azpimarratuta. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak txertaketarako protokolo zehatza duela ziurtatu dute.