Itxi

Koronabirusa

Dariasek errefusatu egin du alarma egoera aldatzeko Sagarduik egin dion eskaera

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Osasun sailburuak dekretua aldatzea proposatu du auzitegiek ezin ditzaten erkidegoen neurriak bertan behera utzi, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ostalaritzarekin egin duen moduan.

Iceta eta Darias, gaur. Argazkia: Efe

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak ukatu egin du alarma egoeraren dekretua aldatzeko asmoa duenik auzitegiek erkidegoen neurriak bertan behera utzi ez ditzaten. Aldaketa hori egiteko eskaera egin dio, hain zuzen ere, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eremu gorriko udalerrietan ostalaritza irekitzea baimendu ostean.

Espainiako Estatuko Lurralde Arteko Osasun Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan Dariasek azaldu duenez, Sagarduik alarma egoeraren dekretua aldatzea proposatu du, auzitegiek ezin ditzaten baliogabetu erkidegoek covid-19ari aurre egiteko hartzen dituzten neurri murriztaileak.

Ministro espainiarrak gogorarazi du Nafarroan gaur Justizia Auzitegi Nagusiak oniritzia eman diela Foru Gobernuak hartutako neurriei, Kantabrian edo Murtzian gertatu den bezala. "Guk uste dugu mahai gainean dauden neurriak eraginkorrak direla", azpimarratu du.

Erabaki judizialei "errespetu osoa" agertu ostean, "babes guztia" helarazi die erkidegoetan hartu dituzten neurriei. "Badakigu neurri murriztaileak direla, baina badakigu, ezartzen direnean, 14 bat egunen ostean, kurbak beherantz egiten duela", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)