Itxi

KORONABIRUSA

Odon Elorza: "Epailearen hitzak soberan daude, ez diote sinesgarritasunik ematen"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

PSOEko diputatuak kritikatu du EAEko Auzitegi Nagusiaren autoa: "Oinarri eskasa du" eta Eusko Jaurlaritzak "oinarriarekin" helegitea aurkeztea espero duela esan du.

Odon Elorza. Argazkia: EITB.

Odon Elorza diputatu sozialista kritiko agertu da Radio Euskadiko Boulevard Informativo saioan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren autoaren aurrean: "Modu eskasean dago oinarrituta".

Ostalaritza berriz irekitzea ahalbidetu duen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Luis Garridoren adierazpenen inguruan, Elorzak esan du "adierazpen horiek ez diotela kaudimenik eta sinesgarritasunik ematen,  tonu eta formari dagokionez, batez ere hurrengo egunean epaia eman behar zuelako".

"Profesionala ez dela" uste du, eta Eusko Jaurlaritzak gaia "bere lekuan" jartzea espero duela adierazi du. Nolanahi ere, itxieraren kalteengatik ostalariak "konpentsatzeko" beharra azpimarratu du.

Donostiako alkate ohiak onartu egin du hainbat autonomia-erkidegotan Alarma Egoera zabaltzea eskatu dutela, etxeratze-agindua edo beste neurri batzuk luzatzeko aukera izateko.

"Jarrera guztiak errespetagarriak dira", adierazi du Elorzak, eta SARS-CoV-2aren pandemiaren aurkako neurri murriztaileak eraginkortasunez aplikatzeko "akordioak" eskatu ditu.

Madrilgo Erkidegoaren egoera eta kudeaketari dagokionez, Elorzak esan du atentzioa ematen diola Euskadik baino kutsakortasun handiagoa izanda permisibitate handiagoa duelako, eta "hori ez da ona".

Kataluniako hauteskundeak

Era berean, PSOEko diputatuak deitoratu egin du Esquerrak PSCrekin Kataluniako gobernua osatzeko akordioari betoa jarri izana, hauteskunde autonomikoen testuinguruan: "Astakeria bat da beharrezkoak izan daitezkeen akordioei ateak ixtea, ez dut ulertzen ERCren jarrera, suposatzen dut Salvador Illaren kartelaren indarragatik urduri daudela".

Ildo horretan, Esquerraren jarrera "erradikala dela" esan du, eta "Illari indar gehiago ematen diola" azpimarratu du, baina, aldi berean, gehiengoak biltzeko "indarrak batzea zailtzen duela" esan du. Hala, Kataluniako egoerak Diputatuen Kongresuko harremanetan "eragina" izango duen beldur da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (5)

Informazio gehiago (1)