Luizia
Bruselak ez du Europako arauen urraketarik atzeman Zaldibarko zabortegian
agentziak | eitb media
Eskumena duten agintariek "eremua etengabe ikuskatu" zutela azpimarratu du Europako Batzordeak, eta zabortegiaren kudeatzaileak isunak jaso zituela.
Europako Batzordeak ez du Europako arauen urraketarik atzeman Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren kudeaketan, baina esan du adi egongo dela auzitegian izango duen ibilbideari, eta gainbegiratu egingo dituela zabortegia ixteko eta atontzeko lanak.
Horixe jaso dute Europako Parlamentuko Eskaera batzordearen txostenean. Eskumena duten agintariek EBko legedia bete ote duten ikertu dute, eta ondorio nagusiak daude idatzita txostenean.
Euroganberak onartu egin zuen San Lorenzoko Bizilagun Elkarteak (Ermua), Zaldibar Argitu! plataformak eta Bizkaiko Ekologistak Martxan Elkarteak aurkeztu zuten eskaera izapidetzea. 2020ko otsailaren 6an zabortegian izan zen luiziak bi langile azpian harrapatu eta hil zituen, eta azpiegituraren kudeaketan egon litezkeen arau hausteak argitzea eskatzen dute.
Europako Batzordeak ondorioztatu du eskatzaileek emandako informazioa eta eskumena duten agintarieen eskutik jasotako dokumentazioa aztertuta, ezin duela "EBko legediaren urraketarik atzeman".
"Batzordea adi egongo da auziak Espainiako epaitegietan izango duen ibilbideari, eta baita neurri zuzentzaileak, itxiera eta errehabilitazioa, EBren legedia errespetatuz egiten dela", gaineratu dute txostenean.
Bruselaren arabera, zabortegiaren kudeatzaileak "baliozko baimena zuen istripua gertatu zenean", eta agintariek "premiazko neurri zuzentzaileak hartu zituzten istripuaren ostean osasunaren eta ingurugiroaren kaltea arintzeko".
Eskumena duten agintariek "eremua etengabe ikuskatu" zutela azpimarratu du Europako Batzordeak, eta zabortegiaren kudeatzaileak isunak jaso zituela, baina "istripuarekin edo amiantoa modu ez seguruan kentzearekin loturarik ez zuten kontuengatik".
Zabortegiaren egonkortasunari buruz, 2018ko txosten batean egonkortasun arazoak agertzen zirela, baina "baimenaren baldintzak urratuz", agintariei ez ziotela bidali ondorioztatu dute.
"Horregatik, agintariek bide legalak jarri dituzte abian eta zabortegiaren kudeatzaileari akats larriak leporatzen dizkiote, ingurugiroaren aurkako kaltearen eta bi heriotzen arduradun egiteko", gaineratu du Europako Batzordeak.