EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
49 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, amari eraso egitea egotzita
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Emakumeak salatu duenez, tratu txar fisiko eta psikologiko jarraituak eragiten dizkio semeak.
Gasteizko Udaltzaingoak 49 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Zaramaga auzoan, amari eraso egitea leporatuta.
Atxilotuak berak deitu zion Udaltzaingoari, 23:30ak aldera, Zaramagako bere etxean amarekin "gatazka" izan zuela eta udaltzainak bertaratu zitezela eskatuz.
Etxebizitzara joan ziren agenteek emakumea lurrean eserita aurkitu zuten. Emakumeak kontatutakoaren arabera, semeak eraso egin zion eta sukalderaino arrastaka eraman zuen. Haren esanetan, tratu txar fisiko eta psikologiko jarraituak eragiten dizkio semeak.
Ama jo zuela onartu zuen semeak eta udaltzainek atxilotu egin zuten, etxeko indarkeria delitua egotzita. Halaber, udaltzainek anbulantzia bat eskatu zuten emakumea artatzeko, oso urduri baitzegoen.