Itxi

Koronabirusa

Zazpi egunez jarraian 100 kasutik behera zenbatu dituzte Nafarroan

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Zehazki, 57 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 9 gehiago, baina duela bi aste baino 134 gutxiago. Positibotasun tasa % 3,26ra jaitsi da.

Pfizerren txertoaren dosi bat. Argazkia: EFE

Covid-19 kasuek gora egin dute Nafarroan, baina oraindik ere hirurogeiko muga gainditu gabe jarraitzen dute. 1.746 proba (777 PCR eta 969 antigenoen test) egin zituzten atzo, eta 57 positibo atzeman zituzten. Positiboen tasa, beraz, % 3,26an dago, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

Hain zuzen ere, otsailaren 15eko datuak dira horiek. Igandekoekin alderatuta, zertxobait egin dute gora kutsatzeek (48 izan ziren orduan).

Gaur-gaurkoz, 142 pertsona daude ospitaleratuta. Atzo bertan zazpi lagun eraman zituzten ospitalera, covid-19aren birusak jota; horietako bat ZIUn dago.

Atzokoan, baina, ez zen inor hil, nahiz eta iragan astean zendutako 87 urteko gizon baten heriotzaren berri eman zuten. Orain arte 1.085 pertsona hil dira Nafarroan pandemia hasi zenetik.

Zonaldeka, Iruñerrian zenbatu dituzte positiboen % 67, Tuteran % 13 eta Lizarran % 9. Gainerako kasuak (% 11) Nafarroa osoan banatuta daude.

Batez ere, 45 eta 59 urtekoen artean izan dira kutsatzeak (% 27). Dena den, 15 eta 29 urte bitartekoen artean ere kasu asko atzeman dituzte (% 24).

Positibo berrien batezbesteko adina 40,8 urtean dago. Bestalde, kasuen % 56 emakumeen artean detektatu dituzte.

Ospitaleratzeen eta alten balantzeak utzitako datuak hauek dira: 142 lagun daude ospitalean (atzo bezain beste); horietatik 24 (bat gutxiago) ZIUn daude, eta 17k (bost gehiago) etxean jasotzen dute arreta. Logela arruntetan, berriz, 101 gaixo daude (lau gutxiago).

Pilatutako intzidentzia 50.460an dago Nafarroan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (1)