KORONABIRUSA
Gasteizek eskola kirola berreskuratu du udal instalazioetan
EITB MEDIA
Arabako hiriburuak kirol federatuko entrenamenduak eta lehiaketak ere berreskuratu ditu.
Gasteiz eremu gorritik atera ondoren, berriro ekin ahal izan diete eskola kiroleko entrenamenduei udal instalazioetan. Era berean, kirol federatuko entrenamenduak eta lehiaketak ere abiatu dira berriro.
Ohiko jarduerara ia automatikoki itzuli dira, espazioak eta ordutegiak aurretik banatuta baitzeuden elkarte eta kluben artean eta oso gauza gutxi moldatu behar izan baitira.
Eusko Jaurlaritzaren urtarrilaren 12ko 7/2021 Dekretuan zehazten denez, gehienez sei laguneko taldeetan antolatu beharko dira eskola kiroleko entrenamenduak, horien osaera aldatu gabe eta aldagelak erabili gabe.
Era berean, eremu gorritik ateratzean, Udalaren kirol instalazioen erreserbak zuzenean egiten daitezke; banakako nahiz bizikideentzako erreserbak, berriz, bertan behera geratu dira. Gogoan izan behar da erreserbek ezin dutela instalazioen gehienezko edukieraren % 50 gainditu. Aldageletan ere edukiera mugak ezarri dira (% 30), eta dutxak banaka erabili beharko dira.
Azkenik, Kirol Zerbitzuak gogorarazi du covid-19aren transmisioa prebenitzeko gomendio orokor batzuk daudela udal jardueretan parte hartzeko.