Lan gatazka
Lan-istripu gisa onartu dute langile batek antsietateagatik hartutako baja
eitb media
Gizarte Segurantzaren arabera, Sidenor enpresak Basaurin duen azpikontrata bateko lan-baldintzek eragin diote antsietatea langileari.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak antsietateagatik hartutako baja lan-istripu gisa onartu du ebazpen batean, antsietatea lan-baldintzek eragindakoa izan dela iritzita. Sidenor enpresak Basaurin (Bizkaia) duen azpikontrata batentzat egiten du lan langileak, CCOO Euskadi sindikatuak jakitera eman duenez.
Langileak makina bat erabiltzeari uko egin zion, bere osasunarentzat kaltegarria izan zitekeela iritzita, eta enpresak zigortu egin zuen. Hori gertatu eta gero, langileak baja hartu zuen.
Ondoren, Bilboko Lan Arloko 1. zenbakiko Epaitegiak bidegabetzat jo zuen zigorra, langilearen erabakiak enpresari ez ziola kalte larririk eragin iritzita.
Halaber, epaitegiaren arabera, langileak makina erabiltzeari uko egitea justifikatuta zegoen, osasunarentzat arriskutsua izan zitekeelako.
Hori dela eta, CCOO sindikatuak prebentzio neurriak zorrozteko eskatu die enpresei, eta azpikontraten bidez lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak kontrolatzeko.