MARS 2020 MISIO ESPAZIALA
'Perseverance' ibilgailua Martera iritsi da
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Planeta gorrian bizitza mikroskopikoa aurkitzen saiatuko da robota. EHUk eta AVS eta Sener Aeroespacial euskal enpresek parte hartu dute NASAren Mars 2020 misioan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Perseverance ibilgailua Martera iritsi da. Euskal Herrian 21:56 zirenean heldu da Jezero kraterrera, bizitza mikroskopikoa aurkitzeko helburuarekin. Lurreratzea arazorik gabe gauzatu du, NASAk jakinarazi duenez.
Jaitsiera burutu eta bost minutura, Perserverance esplorazioa abiatzeko prest zegoen eta lehendabiziko irudiak hartu ditu Marten. "Kaixo mundua. Hau da nire etxea izango denaren lehen begiradan ikusi dudana", idatzi dute robotaren Twitter kontu ofizialean, Martetik bidalitako lehen argazkia atxikita.
Ibilgailuak sei gurpil, hiru metroko luzera eta 1.025 kilo dauzka. Planeta gorriko geologia eta klima aztertuko ditu, laginak hartuta, bizitza arrastorik topatzeko asmoz.
Lurreratzea gauzatu aurreko zazpi minutuak erabakigarriak izan dira, denbora tarte horretan 20.000 kilometro orduko abiadura murriztu behar izan du, eta aireko garabi baten laguntzarekin, jaitsiera astiro egitea lortu du. NASAko zientzialariek ohartarazi zuten maniobra arriskutsua izango zela, baina dena ongi atera da.
"Zelako talde zoragarria daukadan! Oztopo eta erronka guztien gainetik, robot bat Marteraino eraman dugu, eta horri covid-19ak eragindako zailtasunak gehitu behar zaizkio", adierazi du pozik Steve Jurczyk NASAko administratzaileak.
Perserverance ibilgailuak bi mikrofono ditu –lehendabiziko aldiz grabatuko dira Marteko soinuak- eta bi kilotik beherako helikoptero bat –Ingenuity Mars-.
Robotak Planeta gorriko geologia eta klima aztertuko ditu eta horretarako harkaitzak zulatzeko eta laginak ateratzeko tresnak erabiliko ditu. Harkaitz horien hainbat zati Lurrera bueltan ekartzea da asmoa.
EHUk eta bi euskal enpresak parte hartu dute Mars 2020 misioan
Bilboko Ingeniaritza Eskolako Planeta Zientzien taldeak (Agustin Sanchez-Lavegak zuzendua) eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko IBeA ikerketa taldeak (Juan Manuel Madariaga buru duena) parte hartu dute Mars 2020 misio espazialean.
Zehazki, tona bateko eta bi metro luzeko laborategi mugikorra bidali dute. Horren bidez, kraterraren gainazala aztertuko dute, non aspaldi laku bat egon omen zen. Izan ere, litekeena da laku horretako ura 250 metroko sakonera heldu izana. Gaur egun urik ez duen ibai batek isurtzen ei zuen ura bertara.
"Perseverance" ibilgailuak probak egiteko gailu bat izango du. "Ondo bidean, baliteke etorkizunean Martera doazen astronautek metodo hori erabiltzea arnasa hartu ahal izateko", azpimarratu du IBeA ikerketa taldeko Sanchez Lavega zuzendariak.
Ibilgailuak barruan daramatzan gailuen artean "MEDA" dago. Marteko ingurumena eta eguraldia aztertuko dituen meteorologia estazio bat da, tenperatura, presioa, hezetasuna, haizearen indarra eta hauts erauntsiak neurtzeko egokia dena.
Bestalde, AVS euskal enpresak "Perseverance" ibilgailuaren zazpi zatietatik bi eraiki ditu. Aurreko espazio-ibilgailuen forma lauangeluarrari eusten dio, eta 3 metro (10 oin) luze eta 2,7 metro (9 oin) zabal da. Halaber, "Perseverance" izena duen roverrak 1.043 kilo pisatzen du. Elgoibarren egoitza duen enpresak 70 ingeniari ditu eta filial bat Oxforden (Erresuma Batua).
Getxon egoitza duen Sener Aeroespacial enpresak ere esku hartu du proiektuan. Zehazki, HGAG (ingelesezko siglak) mekanismoaren diseinuan, fabrikazioan, egiaztatzean eta integrazioan aritu da.
"Perseverance" ibilgailuaren eta Lurreko jarraipen-estazioen arteko komunikazioa ahalbidetzen duena. Sener Aeroespacial enpresak mekanismo horrekin berarekin parte hartu zuen NASAk Martera egin zuen aurreko misioan.
Mars 2020 misioaren garrantzia
Mars 2020 misioaren helburua Marten laginak biltzea izango da, planeta gorrian inoiz bizirik izan ote den aztertzeko. Marteko baldintza gogorrei aurre egin beharko diete, hala nola, idortasunari edo hauts-ekaitzei.
Behin planetara iritsitakoan, "Perseverance" ibilgailuak gainazalean mikrobioen bizi-hondarrak bilatuko ditu eta oxigenoa sortzen saiatuko da.
"Beste mundu batean bizia aurkitzeko eginkizun eplizituarekin Martera joango garen lehen aldia da hau. Aurkituko al dugu? Ez dakigu han inoiz bizirik izan ote den, baina badakigu Marte bere historiako uneren batean bizitzeko modukoa izan dela", azpimarratu du NASAk, AEBko espazio agentziak.
Aurreikuspenen arabera, Mars 2020 misioa 2026an itzuliko da Lurrera, laginekin.