Itxi

koronabirus

Espainiak koarentena ezarriko die Brasil eta Hegoafrikatik iristen diren bidaiariei

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Koronabirusaren aldaera berriak Estatuan zehar zabaltzea galarazi nahi dute neurri horrekin.

Hegazkina, lur-hartze pistan. Argazkia: pixabay.com

Espainiako Osasun Ministerioak koarentena ezarriko die Brasildik eta Hegoafrikatik Espainiako Estatura iristen diren bidaiariei, koronabirusaren aldaera berriak Estatuan zehar zabaldu ez daitezen.

Horixe iragarri du Carolina Darias Osasun ministroak Osasunaren Sistema Nazionaleko Lurralde Arteko Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan. Gainera, dagoeneko britainiar aldaeraren 613 kasu, hegoafrikarraren 6 eta brasildarraren 2 atzeman dituztela gaineratu du.

Dariasek azaldu duenez, Ministerioaren agindu baten bitartez ezarriko dute neurria, eta Auzitegi Nazionalari bidaliko diote, hori baita oinarrizko eskubideak mugatzen dituena. Neurria "guztiz beharrezkoa eta premiazkoa" dela azpimarratu du.

Ministroaren esanetan, Brasildik edo Hegoafrikatik (jatorria edo eskala) Espainiako Estatuko edozein aireportura iristen diren bidaiari guztiek egin beharko dute koarentena. Iristen diren egunetik zenbatzen hasita, 10 egun eman beharko dituzte koarentenan, edo 7 egun, kutsatze aktiboaren diagnostikoa egin eta negatibo emanez gero.

Bidaiari horiek etxean egon beharko dute, ezingo dira inorekin elkartu, eta agindua bateragarria izango da Erresuma Batutik hegaldirik ez jasotzeko neurriarekin.

Dariasen arabera, osasuna zaintzea eta birusaren zabalkundea galaraztea lortu nahi dute erabaki horrekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (1)