Koronabirusa
Haur Hezkuntzako eta Heziketa Bereziko irakasleak, txertoa jasotzen lehenak
agentziak | eitb media
Bildarratzek egin du iragarpena, baina data zehatzik eman gabe, hori Osasun Sailari dagokiola argudiatuta.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakinarazi du Haur Hezkuntzako eta Heziketa Bereziko irakasleek lehentasuna izango dutela sektoreko txertaketa kanpainan.
Bildarratzek ETB1eko Egun On Euskadi saioan egin du iragarpena, baina ez du kolektibo horien txertaketarako data zehatzik jarri, hori Osasun Sailaren egitekoa delakoan.
Azpimarratu du Hezkuntza Sailak "lehentasuna" emango diela Haur Hezkuntza eta Heziketa Bereziko irakasleei, baina ikusteko dagoela non sartuko diren txertoa jasoko duten "kolektiboen artean".
Dena dela, bere Sailaren barruan "etxeko-lanak" egiten ari direla argitu du, eta dagoeneko hezkuntza zentroekin jarri direla harremanetan.
Bestalde, Bildarratzek azpimarratu du gaur egun EAEko ikasgelen % 98,8 daudela "zabalik" edo "lanean" pandemiari aurre egiten, eta hori "hezkuntza komunitateak: irakasleek, zuzendariek, gurasoek eta, nola ez, ikasleek" lortutako "datu ikaragarria" dela.