Koronabirusa
Txertaketa egutegia: Nortzuk izango dira txertoa jasotzen hurrengoak?
EiTB Media
Covid-19aren aurkako txertaketa adinaren arabera egiten ari dira. Horretarako, lehentasuna duten bost adin talde zehaztu dituzte adituek eta agintariek.
Sendagaien Europako Agentziak, oraingoz, lau txerto baimendu ditu covid-19ari aurre egiteko: Pfizer-BioNTech, Moderna, AstraZeneca eta Janssen.
Pfizerren txertoa merkaturatu zuten lehendabizi. Euskal Herrira 2020ko abenduaren 27an iritsi zen eta erresidentzietako egoiliarrei eta langileei emateko erabili zuten.
Moderna konpainiaren txertoa urtarrilaren 13az geroztik dago erabilgarri. Koronbirusaren aurka lehen lerroan aritzen diren Osakidetzako profesionalei jarri zieten. Txertaketa prozesua urtarrilaren 15ean abiatu zen.
80 urtetik gorako pertsonak immunizatzeko Pfizer nahiz Moderna enpresa-farmazeutikoen txertoak erabili zituzten. Kanpaina hori otsailaren 24an jarri zuten martxan.
AstraZenecaren lehenengo dosiak otsailaren 10ean heldu ziren eta funtsezko kolektiboetako 55 urtetik beherako profesionalak txertatzeko erabili zituzten: ertzainak, udaltzainak, suhiltzaileak, irakasleak eta lehenengo taldean sartu ez ziren osasun arloko eta esparru sozio-sanitarioko beharginak.
Martxoaren 15ean, baina, txertaketa kanpaina aldi baterako eten zuten, Europako zenbait herrialdetan 30 bat tronbosi kasu agertu zirelako. Sendagaien Europako Agentziak kasu horiek guztiak banaka ikertu zituen eta txertoa "segurua eta eraginkorra" zela berretsi zuen. Horrela, bada, txertoa jartzeari ekin zioten berriro.
Halaber, osasun agintariek txerto horren erabilera 65 urte arteko pertsonei zabaltzea erabaki zuen funtsezko kolektiboetan. Ildo berean, AstraZenecarekin hasitako txertaketa gizarte osora hedatzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Kanpaina hori martxoaren 29ko astean jarriko dute martxan.