KORONABIRUSA
Osakidetza aste honetan hasiko da 100 urtetik gorako pertsonak txertatzen
E. L. | O. A. | EITB MEDIA
Lehenik eta behin, txertaketa guneetara joan daitezkeen adinekoei jarriko diete txertoa. Gaurtik aurrera, Osakidetza telefonoz jarriko da harremanetan pertsona horiekin, hitzordua emateko.
Osakidetza aste honetan hasiko da 100 urtetik gorako pertsonei txertoa jartzen. 100 urtetik gorako 1.800 pertsona inguru daude Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).
Lehenik eta behin, txertaketa guneetara joan daitezkeen adinekoei deituko diete. Ondoren, zailtasunak dituzten edo txertaketa guneetara joan ezin duten pertsonak txertatuko dituzte. Kasu horietan, Osakidetzako langileak etxez etxe joango dira.
Gaurtik aurrera, Osakidetza telefonoz jarriko da harremanetan pertsona horiekin, hitzordua emateko.
Aurreikuspenak betez gero, bi aste barru jarriko du Osasun Sailak adin tarte horretan lehen dosia.
Eusko Jaurlaritzaren asmoa da datozen asteetan 80 urtetik gorakoei koronabirusaren aurkako txertoa jartzea. 80 urtetik gorako 160.000 pertsona baino gehiago daude EAEn.
Erreferentziazko 25 txertaketa-gune
Osakidetza lanean ari da erreferentziazko txertaketa-guneak ezartzeko. Gutxienez, bi aurreikusten dira osasun eremu bakoitzeko. Horrela, 25 inguru izango lirateke Euskal Autonomia Erkidegoan.
Hitzordua jaso ondoren, ahal duten pertsonak txertaketa-gune horietara joango dira eta han jarriko diete txertoa. Hala ere, mugitzeko zailtasunak dituzten edo mugitu ezin diren pertsonen kasuan, Osakidetzako langileak joango zaizkie etxera txertoa ematera.
Hala ere, ahal dela, txertoa txertaketa-guneetan jartzea lehenetsiko da, "dosiak manipulatzea delikatua delako eta ezin delako bat bera ere alferrik galdu".
Dosi bat bera ere alferrik ez galtzeko
Osakidetzak 100 urtetik gorako pertsonak bilatuko ditu, eta, dosi bat bera ere alferrik ez galtzeko, ingurunean bizi den kolektibo bereko pertsonei (80 urtetik gorakoak) emango zaizkie gainerako dosiak.