Koronabirusa
Espainiako Gobernuak eta erkidegoek adostu egingo dituzte Aste Santurako murrizketak
agentziak | eitb media
Osasun ministroak aitortu du "gehiegi erlaxatzeagatik" kasuen "gorakada" gertatu izan dela, Gabonetan, besteak beste.
Espainiako Osasun Ministerioa eta erkidegoak ados jarri dira, eta Osasun Publikoaren Batzordeari eskatu diote Aste Santuan pandemiari aurre egiteko neurriak jasotzen dituen dokumentu bat osa dezan, Carolina Darias Osasun ministroak jakinarazi duenez.
"Koordinatuta ari gara lanean Osasun Publikoaren Batzordearekin dokumentu bat osatzeko, eta dokumentu hori datozen asteetan Lurralde Arteko Kontseilura eramateko, bertan adosteko, Aste Santuan zer egin eta zer ez egin jakite aldera", azaldu du ministroak Osasunaren Sistema Nazionaleko Lurralde Arteko Kontseiluaren batzarraren ostean.
Dariasek berak adierazi duenez, Lurralde Arteko Kontseiluan adostasun zabala egon da data horietarako neurriak zehazteko eta covid-19aren kasuen beherakadari eusteko.
Ministroak esan du gaurko batzarrean eta aurrekoan adostu dutela Osasun Publikoaren Batzordeari dokumentu bat eskatzea Aste Santuari begira murrizketen proposamenak jasotzen dituena.
Testuinguru horretan, Dariasek aitortu du "gehiegi erlaxatzeagatik" kasuen "gorakada" gertatu izan dela, Gabonetan, besteak beste.