Itxi

Koronabirusa

Espainiako Gobernua, M8an manifestazioak egitearen aurka, eta "ardura" eskatu du

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Carolina Darias Osasun ministroaren arabera, "egungo egoera epidemiologikoarekin" ezin dira egin hedabideetan aipatzen ari diren manifestazioak.

2020ko martxoaren 8ko manifestazioa. Argazkia: Efe

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak esan du ezin direla manifestazioak egin Emakumearen Nazioarteko Egunean, martxoaren 8an, pandemia dela eta, eta "ardura" eskatu du.

Espainiako Osasun Publikoaren Lurralde Arteko Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Dariasi galdetu diote ea zer pentsatzen duen martxoaren 8an mobilizazioak egitearen inguruan, eta berak parte hartuko lukeen, iaz egin zuen moduan. Iaz M8ko manifestazioan parte hartu ostean, positibo eman zuen koronabirusarekin.

"Ardurarako deia egin dut, oraindik muturreko arrisku egoeran gaudelako, beraz, ezin da", erantzun du Osasun ministroak-

Dariasen ustez, "egungo egoera epidemiologikoarekin" ezin dira egin hedabideetan aipatzen ari diren manifestazioak.

Bien bitartean, Noelia Vera Estatuko Berdintasun idazkariak atzo esan zuen Ministerioa M8ko antolatzaileen asmoak ezagutzeko zain dagoela oraindik, eta pandemiagatik ezarritako "segurtasun arauak" betez proposatzen dituzten ekimenetan parte hartuko dutela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.