Itxi

KORONABIRUSA

Eskola-kirolari ekingo diote Getxon, Gueñesen, Berangon eta Elgoibarren

A. S. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hala ere, Derion, Oñatin, Santurtzin eta Sopelan egoerak estu jarraitzen du eta eskola eta taldekako kirolik gabe jarraituko dute. Udalerri horietan joko eta apustu-lokalak ere itxita egongo dira.

Geroz eta udalerri gutxiago daude eskola eta talde-kirolik gabe. Irudia: pixabay

EAEko 5 udalerrik ez dute eremu kritikoenetik irtetea lortu. Herri horietan, beraz, ezin izango dute eskola-kirolik egin, ezta joko eta apustu-lokalak ireki ere, Jaurlaritzak ostegun honetan kaleratu duen azken zerrendaren arabera. Getxok, Gueñesek, Berangok eta Elgoibarrek eremu astinduenetik aldentzea lortu dute azken egunotan eta murrizketak gutxitu ahal izango dituzte.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eremu gorrian dauden udalerrietako taberna eta jatetxeei ateak irekitzeko baimena eman arren, gainerako neurriek, hala nola joko eta apustuetarako establezimenduei eta kirolari dagozkienak, bere horretan jarraitzen dute, hau da, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua 500 kasutik gora duten udalerriak hartzen dira kontuan.

Osasun Sailak ostegun honetan neurri gogorrenen eraginpean dauden udalerrien zerrenda eguneratu du. Astelehenean 13 zeuden bertan, eta gaur, berriz, 5.

Hauek dira gune gorrian dauden 5.000 biztanletik gorako udalerriak:

Araban ez dago udalerririk zerrendan.

Bizkaian 3 dira: Derio, Santurtzi eta Sopela.

Gipuzkoan bakarra dago: Oñati.

Bestalde, egoera epidemiologikoak bultzatuta neurriak aplikatzeko beharra duten 5.000 biztanletik beherako udalerrien zerrendan, berriz, udalerri bakarra ageri da: Gaubea.

Eusko Jaurlaritzak astelehenetan eta ostegunetan argitaratzen ditu osasun-egoerarik larriena duten udalerrien zerrenda. Arestian esan bezala, hiri eta herri horietan, taldean eta eskoletan kirola egitea galarazita egongo da, eta apustu-etxeak itxita izango dira.

Urtarrilaren 25az geroztik, udalerri guztiak perimetralki itxita daude eta funtsezko eginkizunetarako soilik baimentzen dira joan-etorriak, hala nola ikasteko, lanerako edo pertsonak zaintzeko. Dena dela, astelehenaz geroztik udalerri mugakideetara joateko aukera dago, jarduera sozioekonomikoetarako edo aire librean kirola egiteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)