Bizkaia
Bioetika Batzordeak askatasun handiagoa eskatu du erresidentzietako egoiliarrentzat
EiTB MEDIA
Txertaketa prozesua bukatzen dutenean, zenbait neurri aldatzea galdegin dute txosten baten bidez: bisita kopurua handitzea, mugikortasuna malgutzea eta bizikidetza taldeak zabaltzea.
Erresidentzietako egoiliarrek askatasun handiagoa izan behar dutela aldarrikatu du Bizkaiko Bioetika Batzordeak, adinekoen egoitzetan pandemiak izan duen eraginari buruz otsailaren 20an sinatutako txosten baten bidez, Radio Euskadik aurreratu duenez. "Bestela beranduegi izango da", esan dute.
Orain arte hartutako neurriek kutsatzeak saihestu dituztela onartuta, adineko pertsonen sufrimenduan jarri dute arreta, askatasun eskubidea oso mugatuta dutela iritzita.
"Egoiliarren eskubideak erabat mugatuta daude, covid-19arekin lotuta hartutako neurriengatik; bereziki, askatasun eskubidea. Gainerako herritarrengan baino eragin handigoa izan dute haiengan murrizketek", esan dute.
Gainera, erabakirik hartzeko aukerarik izan ez dutela kritikatu dute: "Ez dute askatasunik izan neurriak bete nahi zituzten ala ez erabakitzeko, zelatuta eta baldintzatuta egon baitira. Horietako askok, gainera, ez dute ongi ulertu gertatzen ari zena".
"Horrek guztiak psikologikoki eta emozionalki kalte larriak eragin dizkie. Halaber, isolatuta egoteak eragina izan du haien osasunean, mugikortasuna, estimulazioa eta harremantzako gaitasuna galdu baitute askok. Osasuna gailendu da, baina bizitza kalitatea galdu dute", salatu dute.
Gauzak horrela, erresidentzietako profesionalei, erabiltzaileei eta egoiliarren senitartekoei txertoak itxaropen handia eman die, uste dutelako aldaketarako ordua iritsi dela, alegia, "orain arte galdutakoa berreskuratzeko garaia".
Oraindik, baina, ez dute bukatu txertaketa prozesua, eta, horrenbestez, zuhurtziaz jokatu behar dute. Halere, pozik daude kasuek behera egin dutelako, eta gaixotasun horren eraginak ez duelako orain artekoarekin zerikusirik.
"Itxaronaldi honetan ez gara lasaitu behar, baina zenbait jarrera alda ditzakegu, egoiliarrengan eragindako kaltea hainbesterainokoa izan ez dadin", azpimarratu dute.
Ildo horretan, txertaketa prozesua bukatutakoan neurri batzuk aldatzea proposatu dute:
-Bisita kopurua handitzea eta pertsona gehiagoren bisita jaso ahal izatea.
-Egoiliarrek egindako irteerak luzatu eta malgutzea.
-Zahar egoitzetan bizikidetza taldeak handitzea.
Medikuntza, psikologia, erizaintza, gizarte hezkuntza, soziologia eta abokatutza arloetako 20 bat profesionalek osatzen dute Bizkaiko Bioetika Batzordea.