M8, Emakumearen eguna
Iruñeko Udalak pankarta feminista bat jartzeko baimena ukatu du
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Nafarroako Bordad Malditas brodaketa feminista taldeak hainbat hilabetez landutako pankarta hiriburuaren erdialdean jartzeko asmoa zuen.
Nafarroako Bordad Malditas taldeak salatu duenez, Iruñeko Udalak ez dio taldeari baimenik eman martxoaren 8ko Emakumearen Egunaren harira pankarta feminista bat jartzeko.
Brodaketa feminista lantzen duen taldeak hilabeteak daramatza, elkarlanean, berdintasunaren aldeko mezuak brodatzen hiri erdian jarri nahi duten pankartan, baina Udalak ez die jartzeko baimenik eman, Garbiñe taldekideak azaldu duenez.
Ez da lehen aldia Iruñeko Udalak antzeko jarrera izaten duena. Iragan azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko egunean, hainbat emakumek collage bat eratu zuten Gazteluko plazan, pankarta batzuk baliatuz.
"Orduko hartan gizonengan jarri genuen fokua, beraiek baitira eraso egiten digutenak", esan eta honakoa gehitu du: "Nekatuta geunden emakume bortxatuez hitz egiteaz eta ez gizon bortxatzaileez, hiltzaileez...". Collagea jarri bitartean, Udaltzaingoaren agente batzuk hurbildu ziren zer egiten ari ziren galdezka. "Une horretan ez ziguten ez esan", gogoratu du Garbiñek.
"Hamar minutu geroago, pankarta kendu ziguten". Lehen aldia zen "kale brodatu ekintza" bat egiten zutena, eta orduko hartan ez zuten baimenik eskatu, baina pentsatu zuten ez zituztela kenduko "zen eguna izanda". Kendu egin zituzten, ordea, eta kentzean, agente batek "pankarta iraingarria" zela esan omen zien. "Zer du iraingarria emakumeok jasaten dugun indarkeria salatzeak?", hausnartu du.
Pankarta horietan "Emakume bat hilik agertu da... Ez gara hilik agertzen, hil egiten gaituzte" esaldia edota "14.040 erasotzaile matxista atxilotu dituzte alarma egoeran" bezalako testuak irakur zitezkeen.
Kendu egin zituztela ikusita, udaletxera deitu zuten berreskuratzeko. Lortu eta "denbora eman zigun, azkenean, egun hartan udaletxearen aurrean egin zen elkarretaratzean erakusteko".
Oraingoan, azaroan gertatutakoa ikusita, "gauzak ondo egin" eta baimena eskatzea erabaki zuten. Erantzuna, ordea, "aitzakiaz betetako idatzi bat izan da, koherentziarik gabea eta eskaerarekin zerikusirik ez duena" azaldu dute. Hala, hiru helegite aurkeztu dituzte eta "justifikazio koherente bat" eskatzen dute.