Koronabirusa
Nafarroak 42 kutsatze atzeman ditu, uztaila erdialdetik zifrarik baxuena
E. G. | EITB MEDIA
Gainera, 20 egun dira jarraian 100 kasutik behera zenbatzen dituztela.
Egonkortze fasean murgilduta dago Nafarroa. Horren erakusle dira atzoko datuak. Izan ere, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera, 42 kasu zenbatu zituzten.
Igandea izanda, proba diagnostiko gutxiago egin zituzten (784) eta positibotasun tasa % 5,4ra igo zen.
Uztaila erdialdera egin behar dugu atzera, zehazki hilaren 18ra, hain zifra baxua topatzeko. Horrez gain, 20. eguna da jarraian 100 kutsatzetik behera zenbatzen direna. Aurreko egunarekin alderatuta, behera egin dute kasuek (-3), baina jaitsiera hori handiagoa da aurreko asteko datuekin erkatuta (-15).
Guneka, Lerinen eta Mendabian atzeman dituzte positibo gehien: bosna, hain justu. Zerrendan bigarren lekuan ageri dira Sarriguren, Lodosa eta Atarrabia, launarekin.
Atzo, gainera, 85 urteko gizon bat hil zen covid-19ak jota, eta aurreko egunetan hildako 86 urteko emakume baten heriotzaren berri eman zuten. Guztira, 1.098 lagun hil dira birusaren ondorioz Nafarroan, pandemia hasi zenetik.
Ospitaletako egoerari dagokionez, Osasunbideak jakitera eman du 85 pertsona daudela ospitaleratuta (atzo baino bat gutxiago). Horietatik 19 ZIUn daude, eta 12 etxean. Gainerako 54 gaixoak logela arruntetan daude.
171 ikasle konfinatuta
Orotara, 171 ikasle konfinatu dituzte asteburuan Nafarroan. Horrek esan nahi du dagoeneko 855 direla etxean isolatuta dauden ikasleak, hau da, % 1,38.
Konfinatutako ikasgelak, berriz, 43 dira (21 ikastetxetan banatuta).