KORONABIRUSA
Euskadik 242 positibo atzeman, eta 120 gaixo ditu zainketa intentsiboetan
N. B. | EITB MEDIA
100.000 biztanleko 14 egunetan kasu metatuen tasak eta ospitaleko presioak beherantz jarraitzen dute, eta oinarrizko birsorkuntza kopurua 0,84 eta 0,87 artean dago azken egunotan.
Covid-19 kasuek behera egiten jarraitzen dute, 242 positibo zenbatu baitituzte azken orduotan (269 izan ziren bezperan), eta positibotasun tasa % 4,7ra arte igo da, egindako 5.140 test diagnostikoen ondorioz (6.611 egin ziren larunbatean).
Datu horiekin, 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako kasuen tasak beherantz jarraitzen du: 255,03an kokatu dira. Duela hilabete, ia 668 kasu zeuden.
Positiboen artean, 128 Bizkaian atzeman dituzte, 72 Gipuzkoan eta 41 Araban. Horiez gain, autonomia-erkidegotik kanpo bizi den beste pertsona batek eman du positibo EAEn egindako probetan.
Bizkaian, 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako kasuen tasak 300 kasuetatik behera egin du, eta 292,24an dago. Arabak 252,57 ditu guztira, eta Gipuzkoak 188,21.
Oinarrizko birsorkuntza tasak (gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du) 1etik behera jarraitzen du (0,87), asteburuan gora egin arren; ostiralean 0,84koa zen.
Asistentzia-presioak azken egunetako joera onari eusten dio, eta bi pertsona gutxiago daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta. Hala, gaixo larriak 120 dira azken orduetan.
Igande honetan, 22 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten eta 299 gaixo zeuden gela arruntetan.
Euskadi osoan, trazabilitatea (jatorria ezagutzen den kasuen proportzioa )% 50ean dago azken zazpi egunetan. Hau da, atzemandako hamar kasutatik bostek beste kobid positibo batekin kontaktua izan dute, eta ia % 50ek ez dakite jatorria.
EAEko hiru hiriburuetan metatutako eraginak behera egin du azken asteotan. 100.000 biztanleko 130,4 kasu ditu Donostiak, 274,5 Gasteizek, eta 319,2 Bilbok.
Gaur egun, 5.000 biztanletik gorako hiru udalerrik baino ez dute metatutako 500 kasuen gainetik jarraitzen: Deriok eta Santurtzik Bizkaian, eta Oñatik Gipuzkoan. Sopela gune gorritik atera da, eta eskola-kirola berreskuratu ahalko dute bertan.
Bizkaiko egoitzetan ez da kutsadurarik izan, baina 17 langilek positibo eman dute, bi egun lehenago baino bat gutxiago, eta beste 38 isolamenduan daude, positibo eman gabe (hiru gehiago).
Foru Aldundiak jakitera eman duenez, igande honetan ez da kutsatze berririk izan eta gaur egun ez dago egoiliarrak kaltetuta dituen zentrorik, baina Unbeko unitate espezializatu soziosanitarioak, koronabirus bidezko infekzio-kasuei erantzuteko, 17 pertsona hartzen ditu hauskortasun-egoeran, azken zenbaketan baino bat gutxiago.
Bizkaiko egoitza-sarean 211 pertsona hil ziren covid-19aren ondorioz joan den abuztutik, eta 2021aren hasieran hasi zen egoiliarren txertaketa-prozesua; aste honetan, berriz ere ibilaldiak eta senideen bisitak egin ahal izango dituzte.
Hezkuntza Sailak ere astelehen honetan eguneratu ditu covid-19aren intzidentziaren datuak. 78 ikasgela itxi dituzte koronabirus kasuengatik; ostiralean 62 zeuden, 50 ikastetxetan (10 gehiago). Itxita dauden klaseak guztien % 0,44 dira, eta % 0,35 ziren ostiralean.