Itxi

Koronabirusa

Positiboek apur bat gora egin dute Nafarroan

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Zehazki, 59 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 17 gehiago, baina duela astebete edo bi aste zenbatutakoen ildotik. Positibotasun tasa % 3,4ra jaitsi da.

Nafarroako Ospitaleko Larrialdiak. Argazkia: EFE

Astea hastearekin bat gora egin ohi dute koronabirus kasuek, eta atzokoa ez zen salbuespena izan. Nafarroak 59 positibo zenbatu zituen, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Atzokoan 1.754 proba diagnostiko egin zituzten (aurreko egunean baino 970 gehiago), eta horietatik % 3,4 positibo izan ziren. Horrenbestez, positibotasun tasak bi puntu egin du behera (% 5,4an zegoen herenegun).

Bezperan baino 17 kasu gehiago dira, baina duela astebeteko zein bi asteko datuekin alderatuta, antzeko datuak izan dira (57 kutsatze zenbatu ziren bi egunetan).

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Murchante da denen buru, sei positiborekin, eta Altsasu bigarren, lau kasurekin. Zerrendan hirugarren tokian ageri dira Zizur Nagusia eta Zangoza herriak eta Azpilagaña Iruñeko auzoa, hiruna kutsatzerekin.

Lau pertsona ospitaleratu dituzte eta ez da inor hil

Atzokoan, lau pertsona ospitaleratu zituzten, horietako bat ZIUn, baina ez zen inor hil covid-19ak jota.

Azken astean ere batez beste proba gehien egin dituen autonomia erkidegoa izan da Nafarroa: 1.048,22, mila biztanleko. Estatuko batez bestekoa, berriz, 705,19 probatan dago, Foru Gobernuak zehaztu duenez.

Adin tarteei dagokienez, 15 urtetik beherakoen eta 45 eta 59 urte bitartekoen artean gertatu dira kutsatzen gehienak (% 29 eta % 25, hurrenez hurren).

Batez beste 33,3 urtean dago positibo berrien adina, eta kasuen % 51 gizonezkoen artean eman dira.

Ospitaletan 79 pertsona daude gaur egun, covid-19ak jota (atzo baino sei gutxiago). Horietatik 20 ZIUn daude, 11 etxean artatzen dituzte (atzo baino bat gutxiago) eta gainerako 48 gaixoak logela arruntetan daude (atzo baino sei gutxiago).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)