Koronabirusa
Nafarroak 57 kutsatze atzeman ditu
EITB MEDIA
Bost pertsona hil dira covid-19ak jota azken egunotan. Positibotasun tasak beheranzko bidea hartu du, % 2,75ean kokatu arte.
Covid-19 kutsatzeak egonkor daude Nafarroan, aurreko eguneko datuekin alderatuta. Gobernuak jakitera eman duenez, 57 kasu berri atzeman zituzten asteartean. Gainera, bost heriotza gehiago izan dira azken egunotan.
Positibotasun tasak, berriz, beheranzko bidea hartu du, % 2,75ean kokatu arte. Guztira, 2.067 proba egin zituzten atzo (1.206 PCR eta antigenoen 861 test).
Egun bat lehenago, Foru erkidegoan 59 kutsatze atzeman zituzten, eta % 3,4an zegoen orduan positibotasun tasa.
Astearteko datuei dagokienez, Murchanten zortzi positibo izan ziren, eta beste zazpi zenbatu zituzten Iruñeko Arrotxapea auzoan.
Atzokoan, bestalde, sei ospitaleratze izan ziren covid-19arekin lotuta; horietako bi ZIUn. Hildakorik egon ez bazen ere, aurreko egunetan izandako bost heriotzaren berri eman dute gaur (86 eta 97 urte bitarteko bost emakume). Horrenbestez, 1.103 dira pandemia hasi zenetik Nafarroan birusak jota zendutako pertsonak.
Zonaldeka, Iruñerrian atzeman zituzten kasuen % 51, Tuteran % 16 eta Lizarran % 5. Gainerako positiboak Nafarroa osoa zehar daude banatuta.
Gaur-gaurkoz 12 osasun langile daude gaixorik, eta azken astean lau kutsatze izan dira horien artean. Orotara, 13.000 pertsonak egiten dute lan osasun zerbitzuan.
15 urtez azpikoen artean gertatu dira kasu gehienak; atzo, adibidez, % 27. 15 eta 29 urte bitartekoei ere gogor jo die birusak (kutsatzeen % 24).
Positibo berrien batez besteko adina 34,9 urtean dago, eta % 58 emakumeak dira.
Ospitaleratzeen eta alten balantzea eginda, hau da ospitaletako egoera: 83 pertsona daude birusak jota (atzo baino lau gutxiago); 21 pertsona daude ZIUn (bat gehiago) eta zortzi lagunek etxean jasotzen dute arreta (hiru gutxiago). Gainerako 54 gaixoak logela arruntetan daude (sei gehiago).
Metatutako intzidentzia 51.335ean dago Nafarroan.