KORONABIRUSA
Ministerioak eta erkidegoek datorren astean adostuko dituzte Aste Santurako neurriak
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek ez dute akordiorik lortu asteazken honetako bileran.
Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek ez dute akordiorik lortu Aste Santurako neurrien inguruan gaur Lurralde arteko Batzordean egindako bileran, eta astebeteko epea izango dute plan koordinatu bat adosteko.
Horren harira, bihar plan bat proposatuko du Osasun Publikoaren Batzordeak, eta proposamen hori datorren astean aztertuko dute; asteazkenean, hain zuzen ere.
Carolina Darias Osasun ministroaren esanetan, helburua "biziak salbatzea da, ez Aste Santua".
Gainera, gaurko bileran hitz errepikatuenak "zuhurtzia" eta "erantzukizuna" izan direla adierazi du.
Zenbait erkidegok Aste Santurako murrizketa neurriak adostea eskatu diote Darias buru duen Ministerioari, baina, azkenean, Osasun Publikoaren Batzordeak bihar eztabaidatuko du Kontseiluan aurkeztuko duen proposamena.
Europa Pressek zabaldu duenez, batzarrean parte hartu duten erkidego gehienek egin dute ixtearen alde, baina neurri komunak ezartzearen garrantzia azpimarratu dute.
Erabakia datorren astean hartuko dutela berretsi duen arren, Dariasek erkidegoei ohartarazi die bertan adostutakoak "derrigor" bete beharko direla.
Gaur goizean, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteari galdetu diote zein den bere iritzia, eta esan du ez dela ixtearen aldekoa, hasiera batean. Katalunia, berriz, erkidegoa ixtearen alde agertu da.
Galiziak ere konfinamendu perimetralerako borondatea erakutsi du, baina datuen zain egon behar dela gaineratu. Antzeko adierazpenak egin ditu Andaluziak ere, erkidegoaren itxiera aldarrikatuta.
Kantabriak, Errioxak, Murtziak, Aragoik, Gaztela-Mantxak, Kanariek, Nafarroak, Extremadurak, Balearrek eta Melillak, besteak beste, akordioa bilatu nahi zuten.
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Kontseiluaren aurretik adierazi du "muturreko zuhurtziaz" jarraitzeko garaia dela oraindik, covid-19arengatik, eta "martxoan eta apirilean" mugikortasunari lotutako "neurri murriztaileak indarrean" egongo direla.
Bestalde, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak ere "zuhurtzia" eskatu du Aste Santuan neurriak malgutzeari dagokionez, eta azpimarratu du beharrezkoa dela pandemiaren joera egonkortzea eta txertaketan aurrera egitea "bestelako neurriak aztertu aurretik".