KORONABIRUSA
Lurralde barruko mugikortasuna baimentzea aztertuko du LABIk, ostiraleko bileran
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Jonan Fernandezen iritziz, ez da "irekiera handiak" egiteko garaia. LABIren batzorde teknikoak ostegunean egingo du batzarra, LABIren aholku batzordearen bezperan.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalerrien itxiera perimetrala altxatzea eta lurralde bakoitzaren barruan mugikortasuna baimentzea izango du aztergai LABIren batzorde teknikoak ostiraleko bileran. "Baloratuko den neurria da, eta alda liteke", azaldu du gaur Jonan Fernandez LABIren batzorde teknikoko koordinatzaileak.
LABIren batzorde teknikoa ostegunean batzartuko da pandemiaren bilakaera aztertzeko eta, ondoren, bere proposamena igorriko dio ostiralean elkartuko den LABIren aholku batzordeari.
Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan Jonan Fernandezek adierazi duenez, EAE "impasse" egoera batean dago eta, ondorioz, "ez dago abentura gehiegitarako aukerarik".
Dena dela, Jonan Fernandezek onartu duenez "azken astean egoera epidemiologikoak bilakaera ona izan du", izan ere, 400 puntutan jaitsi da intzidentzia metatua, 650tik 250era.
Hala ere, Jonan Fernandezek esan du "ziurgabetasun handia" dela birusak datozen bi edo hiru astetan izan dezakeen bilakaerari dagokionez. "Intzidentzia-tasak behera egiten jarraituko balu, nahiz eta poliki izan, interesgarria litzateke, baina ez dakigu ziur", berretsi du.
Hori guztia dela eta, ez dela "irekitze handiak" egiteko garaia uste du Fernandezek. Ildo horretan, ez du "aldaketa edo ezusteko handirik" espero ostiralean. Dena den, "doikuntzaren bat" egin daitekeela aitortu du.
LABI teknikoaren txostenaren zain, murrizketak altxatzeko "asmoa" dagoela dio Erkorekak
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuaren hitzetan, egun indarrean dauden neurri murriztaileetako batzuk altxatzeko asmoa badago ere, LABIren batzorde teknikoak egingo duen txostenaren zain dago LABIren aholku batzordea.
Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketak, Erkorekak aurreratu du indarrean dauden murrizketen inguruan erabakirik hartu aurretik LABI teknikoak egiten duen "irakurketa" kontuan hartuko dutela, irakurketa hori "erabakigarria" baita "erabaki bat edo beste hartzeko".